KANALAN "SOZIALISMOA"
Kanalako jaiak gozatu doguz berriz. Joandako asteburuan dana emon genduan. Kriston giroaz gain, egitarauan datza zoramena. Kanalakoa «tremendoa» da!
Hasteko, jaien ardura «komisioak» hartzen dau. Gazte talde anitz bateri jausi jako «marroia» aurten, aurreko «komisio» beti-gaztea «jubilatu» ostean. Arduradunak bereziki oso gazteak izan arren, fenomeno egin dabe, baina gazte jubilatuen ezinbesteko laguntzaz! Partekatuz!
Hara hor gakoa: Partaidetza.
Kanalak mikro-soziologikoki partaidetzan dauka bere nortasuna, bere DNA. Bi udaletxeen menpe egon arren, Sukarrieta eta Gautegiz Arteaga, hurrenez hurren, kanalatarrak beti izan dogu gure lorratza. Txalupadunak samukiletarrak, astodunak artearrak esaten dabe. Ez dago argi. Kontua kanalatarren arteko batasunean datza. Kanala Herria da!
Barikuan herri afaria. Danak bat. Belaunaldi ezberdinetako tremendoak. Gorriagoak zein urdinak, aberatsagoak zein eskasago dabizenak, emakume zein gizon… danak afari osteko bingo musikalean, barre, dantza eta algara. Kortatu, JMartina, Queen zein Taylor Swift… Danak bat parranda ederrean. Hori bai, mahaiak eta aulkiak danon artean batu eta gero!
Zapatuan kalejira. Etxez etxe antzina nagusien etxeetara jaia eroaten zan modua gogoratzeko. Danak batera, barriz, elkarrizketan, jaten, edaten eta gozatzen, baina batez be konpartitzen, hurkoarekin bat egiten, danon artean danontzat egiten eta eragiten.
Igandean Herriak dantzeei ekiten deutse. Alarde zoragarria, hainbeste asteetako entseguen borobilketa. Pala partiduak, tortilla eta paella lehiaketak… Tongo! Tongo! Barriro ere multzoan. Danak batera. Danon artean antolatzen, laguntzen, gozatzen…
Arrastian mozorroak. Ikaragarrizko showa. Adinik gabeko partaidetza. Algara. Hiper-jubilatuen «komisioa» afaltzeko bokatak sukaltzen, beste batzuk…parrandan… Kaos kontrolatua. Mikosis eta Euskal Rockmeria… Egungo musika eta 80/90 hamarkada topera! Jai anitzak!
Aberri Egunean, San Juan Gauan, San Martinetan…Urte osoan zehar Kanalan parte-hartzea nagusia da. Herria Herria eraikitzen, Herria herriarentzako lanean. Desberdintasunen gainetik, nolabaiteko berdintasunaren islada.
Hara hortik ikasgaitxoa. Herriak herria salbatuko dau. Arrotzak diran dinamika turistifascioetatik aparte, datorren asimilazioa globalitarioetatik aldentzeko, dinamika propiak garatu behar ditugu. Herritarren partaidetzan dago gakoa. Herria bizi, Herria eraiki, Herria bizi dagian. Gure identitatea zaindu, gure eskuzabaltasunagaz partaidetza indartu. Danon arteko lana da, Erronka, ezinbeharrekoa.
Auzolana, gure zeharkatasun sozialak dira antidotoa. XXI. Mendeko gizarte atlantiko indibidualista eta lobotomizatuaren kalteak pairatzen ari bagara be, oraindik itxaropena dago.
Elkarregaz, Elkarbilduz, Sozialago, Sozializatuz, Sozializatzen, Sozialismoaz… Herriak Korazatzen, Herria blindatzen!
Herriak bizi behar dau!