Kaos itsasoa
Mehatxu bera, erantzun ezberdinak. Abenduan hasitako azken zalaparta honek ere, agerian jarri du mundu demokratiko eta liberal honetan dugun kaka nahastea. Gaitasun ekonomikoa duten herrietan erabakitzeko askatasuna nagusitzen den bitartean, herri txiroenetan dohaineko txertaketa eta musukoak dira pandemia honi aurre egiteko aukera bakarrak. Demokrazia, komunismoa, diktadurak edo anarkiak, ez bata ez bestelako sistemak dira nahiko gainean dugun arazoari aurre egin eta nahi genukeen bizimodua berreskuratzeko.
Gainera, aipatutako mokordoa gutxi balitz, korronte geldiezin honi beste zentzu metafisiko bat eman nahian, txertoetan txipak sartu dituztenaren txutxu-mutxuak zabaldu dira. Gauzak horrela, zulo beltz baten dimentsioa duen nahaste borrastean, XXI. mendean agintzen duen hedabideen bonbardaketa sistematikoa da gatazkan gailentzen den era. Desinformazioa edo informazio manipulatua alegia.
Batzuentzat, zentzugabekeria totala bihurtu den korapiloan, antisistema bezala identifikatu diren negazionistak dira mahai gainean dugun arazoa gainditzeko oztopo nagusiak. Musukoa, txertoa edo pandemiaren jatorria zein bilakaera dudan jartzen duten egoistak. Hirugarren munduan gosez hiltzen diren haien alde otoi egin edo janaria, arropak bidali ordez, sistemak agindu dituen betebeharrei kasu egin beharko lekieken alprojak. Belaunaldiko rara avis-ak! Beste hauentzat berriz, botere ekonomikoak sortutako kontu bat da pairatzen ari garen guzti hau. Eta guzur hau medio dominazio globala ezartzea da helburu bakarra.
Kontu bat eta beste, horrela goaz azken bi urte luze hauetan. Kaos itsasoan nabigatuz. Gaurkoan, paperean islatzen saiatu naizen gisara. Kopla arraro honi armonia bilatu ezinik. Batetik bestera, transhumantzian. Zorabiatuta. Kaka! Animo lagunok.