Kezka
Euskaldunok oso musikazaleak izan gara. Aspaldikoa da esaera hau: «Euskaldun bat=Txapela. Bi=Pilota partida. Hiru=Orfeoia, eta Lau=Mus partida». Musika gure laguna izan dela argi agertzen da historia osoan. Musika tradizionalaren sorterria zein den jakitea ia ezinezkoa da. Baina Herri bakoitzak bere ukitua, bere ezaugarria emanez, propioak, bere bihurtu ditu. Sorterria zein den alde batera utziz, euskal musika popularra, tradizionala, ugaria eta musikalki oso aberatsa da, eta munduan, gorengoen mailan dago.
Orain gutxi jakin dugu Versallesen XVII eta XVIII. mendeetan, Frantziako errege Luis XIII.aren eta Luis XIV.aren garaian euskal musikaren melodiak eta dantzak entzuten eta ikusten zirela. Gogoratu behar da, garai haietan, Versalles, errege-etxea, Europako kulturgune garrantzitsuena zela. Bertako musikari ospetsuenetako bat Marin Maraisen (1656-1728) bi obrak euskal izenez argitaratu zituen: bata Le Basque eta bestea Biscayenne.
Frantziako beste musikari ospetsu askoren obrak, Bourrée de basque edo Bourrée pour les basques izenburu dutenak ere ezagunak dira, eta horiek euskal musika tradizionalean oinarritzen dira. Bourrée hitzak dantza tradizionala esan nahi du, eta dantzak bere musika darama. Voltaire, Francois Marie Arouet frantses idazle, filosofo eta zientzialari ospetsuak (1694-1778) euskaldunei buruz hau esan zuen: «Auñamendi, Piriniotako alde bietan dantzatzen duen Herria».
Manuel Larramendi idazle eta euskalzale ospetsuak (1690-1766) esaten du Euskal Herriko elizetako ospakizunek ez diotela inbidiarik katedraletan egiten direnei. Bera, urteetan ibili zen Espainian zehar, han eta hemen, Loiolara (Jesulagunen santutegira) etorri eta euskara munduan burubelarri sartu zen arte.
Wilhelm Humboldt filologo alemana, Berlingo unibertsitatearen sortzailea eta lehen errektoreak (1767-1835) ere badu dokumentu bat non euskal musikari buruz hitz egiten duen. Larramendi eta Humboldt eta horien aurretik zeudenen garaitik urte asko pasa dira, eta bitartean Euskal Herriak musikagile, organogile, organojole eta abeslari bikainak eman ditu, ia denak elizari lotutakoak. Apaiztegiak, monastegiak eta komentuak izan dira ehunka urteetan musikaren harrobi. Gaur egungo musika harrobiak herri askotan dauden musika eskolak dira, baina organo ikasketak ez dira ematen, eta herri askotan organo bikainak eduki arren, beren soinu zoragarriak entzuteko abagune gutxi dugu, gero eta organojole gutxiago dagoelako.
Martxa honetan, laster organo bat baino gehiago mutu geldituko da, ez bada zerbait egiten. Gazte gehienek ez daukate aukerarik organoa ezagutzeko. Eta musika tresna zoragarria eta hain tradizio luze eta bikaina duena ez ezagutzea onartezina da. Gazteei organo ikasketak egiteko erraztasunak eman behar zaizkie beste musika tresnekin egiten den bezala. Herritarrok ere musika mota eder hau entzutea merezi dugu, ematen diren kontzertu erraldoi eta berezi batzuei itxaron barik. Ez diezaiogun uko egin tradizio eder honi.