Kirmen Uribe: 'Lo egin, Jose mari'
Norbera da den modukoa bizian ezagutu duen jendearen eraginagatik. Argitzen dizkizute beste bide batzuk, aurretik ezagutzen ez zenituen ikuspegiak eman, eta aldarazten zaituzte pertsona gisa, onerako. Josemari Argoitia izan da gure artean horietako bat. Erakutsi digu errealitatea beste era batera ikusten, kultura, bere forma guztietan eta era librean, maitatzen.
Lehenik, nerabezaroan harritu egin gintuen bere idazteko erak. Itoiz taldearen urterik onenetako letra horiek, Marea gora, Lo egin, To Alice eta beste, hain desberdinak ziren, garai hartako protesta kantetatik hain urrun, ikutu surrealista horrekin, poesia postmodernoa euskarara ekarria: «misilek, koheteak supositorien forma dute, gerra eta ipurdia, gauerdiko eztula». Zoragarria. Ez genituen orduan erabat ulertzen, baina berdin zitzaigun, haize freskoa ziren guretzat. Euskaraz idatzitako zerbait modernoa, garaikidea. Pena da ez zuela poesia libururik argitaratu, benetan apurtzailea izango zen.
Gero, gaztetu ginenean, tarteka esaten zizun zer irakurri, nondik jo literaturgintzan, ze zine zegoen ikusgai, eta nor bere iritzi itxuraz sendoak zalantzan jarriz aldi oro, erreferentzia berriak emanez, hazteko.
Marabilli festibala egitea pentsatu genuenean bera hasieratik gerturatu zen. Zineaz arduratzen zen, batik bat. Berak asmatu zuen asteburuetako matineen formatoa, larunbat eta igande goizetan filmak botatzea, filmeko zuzendariak gonbidatuz eta solasaldi txiki bat tarteko. Filme ez komertzialak izan behar zuten, gaur egunekoak edo lehengoak, luzeak ala laburrak. Bera zen Marabilliko bileretan zuhurtzia jartzen zuena, gure ametsak itxura handiegia hartzen joaten baziren. Azkenengo edizioan, iaz, nahiz eta gaixorik egon Montxo Armendariz aurkeztu eta elkarrizketatzera animatu zen, berehala ahaztuko ez dugun solasaldia egin zuen Montxo, Asier Altuna eta hirurak, maila handikoa.
Ideologikoki aurrerakoia eta zabala, istorio humanoak zituen gogoko, beti pertsonaren alde. Hori ere erakutsi zigun, itxiak ez izaten, eskuzabalak izaten.
Josemari, To Alice hartan idatzi zenuen «ispiluaren alde honetan norbaitek piztu du isiltasuna». Bada halaxe gertatu da gaur zendu zarela jakin dugunean. Baina Marea gora tabernetan zoroen moduan kantatzen genuenean, orduan ikasi genuen igotzen dena jaitsi egiten dela, eta alderantziz. Bada, nahiz eta orain triste egon, iritsiko da poza gurera berriz ere. Zu ezagutzearen poza.
Asko ikasi dugu zurekin, Josemari. Eta garenak gara, zugatik.
Eskerrik asko.
–Kirmen Uribe Urbieta. Manuelisten izenean (Marabilliko antolatzaileak).