Kolpez Homo digitalis
Iskin hontatik idazten dizut, azken aldian bezela. Egia da bai sasoi honetan hotza egiten duela…», baina hezurrak hoztuta beharrean, bihotzak dauzkagu zeharo izoztuta. Pantailen garaia dela diote, baita osasun mentalarena ere. Uzten al dio batak besteri lekurik, ostera?
Sakelakoan Screen time –gailua erabiltzen alferrik galdu dudan denbora adierazten duen atala– sakatu, eta tristorioa (istorio tristea) erakutsi dit: aste honetan, eguneko, 4 h eta 20 min joan zaizkit, mundu digitalean ibiltzearren; hau da, egunaren %18 –gogoan izan denboraren bi heren (% 66,7) lanean edo lo gaudela, eta ehuneko hamazortzi hori beste herenari (%33,3) dagokiola–. Urdangarinen baimenarekin: «Esango nuke bere argiek erraz sorgindu nautela». Beraz, gutxi gorabehera 3 h eta 40 min izan ditut otorduak prestatzeko, logela atontzeko, kirola egiteko, atseden hartzeko, etxeko eta hortik kanpoko arazoak konpontzeko, lanetik ekarritakoak egiteko, lagunekin egoteko… Ziurrenik inork esango du mugikorraren erabilera-orduak gainjar daitezkeela aurretik esandako beharrak egiteko denborarekin, eta ados. Hala ere, #DramaModeOn nago; alegia, mesedez, utz nazazue kontua ertzera eramaten.
Nondik atera nezake tartetxo bat, neure buruarekin berbaldi bat izateko, edo, behintzat, garunaren martxa jaisten saiatzeko? (txirri-txirrien soinua). Denborarekin barneratu dudan ikasketa hurrengokoa da: buruak aurrera jarraitzeko gaitasuna du –kasu egin ala ez–, baina gure alde emozionalak oztoporik aurkitzen badu, atzean geratzen da, biziak ematen duen argitasunetik gero eta urrunago: ilunetan.
Emozio-anabasari aurre hartzeko ohitura txiki batzuk aldatzea erabaki nuen –bai, instagram sare-sozialean aurkitutako gomendio merke horietako batzuk baliatu nituen–: goiz jaiki, gauza berri bat ikasi (30 min), kirola egin (1 h), 2 L ur edan, naturan ibili (30 min), isiltasunean eseri (10 min), pentsamenduak idatzi, liburu baten 20 orrialde irakurri eta kalitatezko loaldia izan. Honela laburtu dezaket eskarmentua: «Lantzean, baina egun luzetan bihotza egoten da triste. Agindutako promesa hura ezin kunplidu nezake».
Orain, digitalizazioa, CurriDigi, gaitasun digitalak… inguruan entzuten ditudan terminoak dira; alabaina, ez dago inon idatzita horrek dakarren atzea nola kudeatu behar dugun. Nik neuk ez dakit digitalaren eta emozionalaren artekoa sokatira lehiaketa den, edo bien arteko sinbiosia lortuko dugun. Argitu arte, «…pantailetara kondenatuta…» (Garik uzten badit) gaude.