Konfinamenduko harreman interespazialak
Sarritan, ez bada beti, zutabe hau erabiltzen dut harremanak eta harremanei lotutako gaiak jorratzeko. Hori baita soziokonstrukionismoaren gasolina. Harremanik gabe ezer eraiki ezin dugulako, ezta gure existentzia ere.
Bada, azken hilabete hauetan bizitzen ari garen egoerarekin, guztiok komentatu dugu noiz edo noiz, harremantzeko erak aldatu ditugula edo aldatu beharko ditugula. Nik ez daukat hain argi hainbesteraino aldatuko ditugun edo zeintzuk aspektu aldatuko ditugun, arin batean gure harremanak eratzeko berebiziko garrantzia dituzten erabakiak hartu baitira, lehenagoko joera konbentzionalera bueltatzeko: esaterako, tabernen terrazak ireki dira gehienez ere 10 lagun biltzeko, eta lagun bakar batekin mendira joatea ez da luzaroan posible izan.
Hala eta guztiz ere, badaude zenbait gauza, oraingoz behintzat, aldatuta, desberdin, jarraitzen dutenak, beti ez bada txarrerako ere. «Gauza» hauek, nahita ez, erdi automatikoki dantzatzen dugun joko erlazionala gutxienez kuestionatu edo azaleratu egin du. Euretariko bat idatziz proposatzen diren eztabaida foroak dira. Nork ez du ezagutzen aurrez aurre partaidetza aktibo bikainik ez duen laguna, baina WhatsAppean inork baino ekarpen oparoagoak egiten dituena? Ni behin harrituta geratu nintzen ikaskide batekin, eskoletan ahoa arrausi egiteko baino ez zuena irekitzen eta Internet bidez egin behar izan genuen eztabaidatzeko ariketa batean besteoi txintik idazteko betarik eman ez ziguna.
Beste adibide bat orain arte ezezagunak zitzaizkigun on line plataforma desberdinak erabiliz egin behar izaten ditugun bilera eta topaketak dira. Esparru profesionalean oso ohikoa zaidan topaketa horietako batek, gaur egun Teams plataforma bitartez gauzatzen duguna, energia erlazionalak distantzia fisikoarekin bestelakoak direla konturatzera eraman nau. Lehenik eta behin, energia horiek, hitzezkoak ez badira ere, aurrez aurreko topaketetan bertan indartsu daudela erakutsi didate. Bigarrenik, espazio fisiko bera partekatzeari utzita, pertsonen arteko distantzia fisikoa jarrita, egoerak jorratzeko aukerak biderkatzen direla ohartu naiz.
Izan ere, harreman jakin batzuetan sortzen ditugun joerengatik, norberak eman ditzakeen erantzunak harremana osatzen duten besteek egiten dituzten gonbidapenek guztiz mugatzen eta ahalbidetzen dituztelako, sarritan ezta isilik geratzea ez da posible. Teams plataformari esker zerbait esateko, ardura nire gain hartzeko gonbidapen hori bi ordenagailuen arteko espazio interespazialean galtzen da, antza, indargabeturik nire pantailara helduz. Heltzen baldin bada…