Kontrolatuta
Aurreko batean, lagunekin berbetan egon nintzen bidaia ezberdinei buruz. Italiara oporretan joan nahi dudala adierazi nien. Italiako kostara hain zuzen, Amalfiko kostaldera. Leku zoragarria, herri txikiak, kala ikusgarriak, turkesa koloreko itsasoa, Positano, Ravello… Guzti hortaz aritu ginen 15 minutu inguruan….
Ba aste hauetan, Amalfiko kostaldearen irudiak baino ez zaizkit agertzen sare sozialetan!!! Instagram zabaldu eta bertako itsaslabarrak, hondartzak, kale estuak, ur gardenak… Behin eta berriz nere mobilean. Korreo elektronikoa zabaldu eta publizitate guztia bidaia agentzietakoa… «Amalfiko kosta merke-merke, 200€ joan-etorria».
Baina nola liteke? Zer da hau? Hitz egiten dudan gauza bakoitzaren irudiak agertzen zaizkit! Lehen bilaketaren bat egiten banuen google edota bestelako aplikazioren batean, orduan agertzen zitzaizkidan, baina orain, berriz, behin hitz egitearekin nahikoa da, Amalfiko Kostako, ortodontzia ikusezina, gaixotasun arraroak edota pelukeriako ile horien argazkiak ateratzeko behin eta berriz gure sareetan.
Egiten, esaten edo pentsatzen dugun guztiaren nondik norako guztiak jakin daitezke klik bakar batekin
Beldurra ematen dit guzti honek. Beti egon gara kontrolatuta, beti. «Goitik» daudenak beti kontrolatu gaituzte nahi duten bezala, medioen bitartez, ekonomiaren bitartez, eta abar… Baina gaur egun inoiz baino zelatatuago gaude. Egiten, esaten edo pentsatzen dugun guztiaren nondik norako guztiak jakin daitezke klik bakar batekin. Jaisten dugun aplikazio bakoitzean cookie-ak erabiltzea onartzen dugunean, cookie horiek webgunean dauden sarbideak eta nabigazio-historia ezagutzen eta gordetzen dituzte. Horrela, orri hori berriro bisitatzen dugunean, gailu beretik, webguneak aurretik egin dituzun jarduerak identifikatu eta gogoraratzen ditu. Hau da, onartzen ditugun momentuan, gure datuak beraien esku daude, eta horregatik kontrolatu ahal dute egiten dugun guztia, den-dena.
Noraino helduko gara? Zein da guzti honen helmuga (helmugarik balego)? Gizarte aske batean bizi garela esaten digute eta esaten dugu, baina argi dago gizarte librea baino, gizarte totalitario baten itxura gehiago daukala gertatzen ari den guzti honek: kontrola, zelata… George Orwellen 1984 eleberri distopikoa gogoraratzen dit askotan.