Lanaren eta enpleguaren bidezko banaketa
Etxeko eta zaintza lanen banaketa feminismoaren aspaldiko aldarrikapena da. Aurrerapausoak eman badira ere, oraindik emakumeon ardura eta betebeharra dela barneratuta dago. Emakumeoi dagokigu umeak eta gaixoak zaintzea. Osasun arlo profesionaletatik kanpo zaintza lanak egiten dituzten 10 pertsonetatik 7 emakumeak dira, gehienak gaixoaren edo ezinduaren alabak.
Kasu gehienetan, emakumeak zaintzera behartuta gaude, ez dago beste aukerarik. Besteetaz arduratzea emakumeon berezko ezaugarria dela pentsatzen duen jendartean bizi gara. Adibidez, ama-senak hori indartzen du. Nolabait emakumeok umeak zaintzeko egokiagoak garela. Emakume gisa errealizatzeko umeak izan behar ditugula.
Etxeko eta zaintza lanak ez baloratzeaz gain (ez ekonomikoki, ez sozialki ezta politikoki ere) ardura ez da gizonen eta emakumeen artean modu egokian banatzen. Izan ere, emakumeok lanaldi bikoitza egiten dugu: etxekoa eta ordaindutako lana. Nahiz eta prekarietatea eta lan baldintza eskazak izan independentzia ekonomikoa lortzeko bide bakarra da. Ez ahaztu, indarkeria matxistaren faktore bat menpekotasun ekonomikoa dela.
2008ko denbora-aurrekontuei buruzko inkestaren arabera, EAEko emakumeek bi ordu gehiago (3h 25’) egiten dituzte egunean etxeko zereginetan, gizonek baino (1h 19’) eta gizonek ordubete gehiago (4h) ematen dute enpleguan eta prestakuntzan, emakumeek baino (2h 49’). Beraz, ez da harritzekoa zuzendaritza postuetan 8 gizoneko 2 emakumeak izatea.
Emakumeon esplotazioan oinarritzen den sistema ekonomiko hau aldatzen ez dugun bitartean jai dugu, emakumeok eta gizonek. Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzea beharrezkoa da pertsonen ongizatean oinarritutako jendartea eraikitzeko. Bizitzaren alde dagoen eredu ekonomikoa. Horretarako ezinbestekoa da alde batetik, etxeko eta zaintza lanen bidezko banaketa eta bestetik, aberastasuna eta enpleguaren bidezko banaketa.
Alazne Artetxe Egaña, Uxu Ondarroako emakumeen taldearen izenean