Lea-Artibai Euskaraldiarekin
Lea-Artibai euskararen arnasgunea da eta jakitun gara arnasguneok euskerarentzat zein garrantzitsuak diren. Herri honen hizkuntza eremu hauetan taupaka modu naturalean ari den arren, beheranzko joera hartzen hasi dela ikus daiteke. Gure eskualdean barne. Hori dela eta, lan handia dugu egiteko euskeraren erabilera areagotzeko.
Orain arte, eta hemendik aurrera ere, herri mugimendua euskararen bidelagun izan da eta normalizazioaren norabidean pausu handi eta garrantzitsuak egin ditu: Korrika, Euskal Herrian Euskaraz, Durangoko Azoka… Pandemiaren eraginez ordea, euskararen aldeko hainbat ekimen bertan behera utzi behar izan dituzte eta sekulako kolpea izan da lehenago aipatutako normalizazioaren bidean. Izan ere, hainbat ekimen mantentzea zaila egiten bada, berreskuratzea zailagoa izango baita.
Hori horrela izanda, modu kolektiboan zein pertsonalean euskarari behar duen hauspoa eman behar diogula argi dago eta aurten ere horretara dator Euskaraldia. Orain dela bi urte bezala, ariketa sozial honek, azaroaren 20tik abenduaren 4ra norberaren parekoaren inertzia eta ohiturak aldatzeko aukera emango digu. Horretarako, Ahobizi eta Belarriprest rolez gain, oraingoan Ariguneak ere batuko dira.
Esan bezala, murriztapenez bizi garen egoera honetan, edozein aitzakia da ona euskarari arnasa emateko; beraz, hartu dezagun parte Euskaraldian, bakoitzak beretik, elkar errespetatuz eta aurrean dagoenari lagunduz. Eta jarrai dezagun abenduaren 4tik aurrera ere euskarazko Ahobizi, Belarriprest eta Arigune berriak sortzen Euskal Herri euskalduna eraiki arte!
–Jone Antsotegi eta Jon Arriola, Lea-Artibaiko EH Bilduren izenean.