Lekeitioko PNV berriz ere berandu
Tamalez, berriz ere Lekeitioko PNVk idatzitako ganora bako kritika bat irakurri behar izan dugu hitzan, Lazunarri moilaren konponketa lanei buruzkoa eta ondarearen kudeaketari buruzkoa. Zorroztasun gutxi eta lan traketsa berriro ere. Idatzi honekin, Lekeitioko Bilduk zehaztasunak azaldu nahi lituzke, iritzi publikoak informazio argia izan dezan.
Obra bat, edozelakoa izanda ere, ezin da hasi dagozkion baimen eta bermeak ziurtatu orduko. Eusko Jaurlaritzak baimen guztiak aspaldi eskura izan balitu obra hasita beharko litzateke, ezta? Ba jakin, Lekeitioko Udala, abenduaren 30ean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batu behar izan zela, baimenen kontua argitu eta proiektua eskakizun guztiak kontuan hartuz abiatuko dela adosteko.
Gainera, Lekeitioko PNVk Prozedura administratiboari buruzko kritika egiten du eta adierazpen horiekin, udalean Lazunarri proiektuan buru belarri ibili diren teknikarien lana zalantzan jartzen dela uste dugu. Lekeitioko udalean aurretiaz agintzen egon den alderdiak, orain, udal langileen gaitasuna zalantzan jartzen al du? Errespetu eta begirune gutxi du iradokizun horrek, zalantzarik gabe.
Bestalde, ondarearen inguruan galdera hauek egin beharko lirateke: Zer egin du Lekeitioko PNVk udalean agintzen egon denean? Ezer ez. Hala ere, antza denez, gaur egungo udal gobernuak ez omen du ezer pentsatu Abaroa, Mendieta Ontziola edo Lazunarri moilarentzako. Baina, kasualitatez, PNVren legegintzaldietan ezelako proiekturik egin ez zen bitartean, legegintzaldi honetan hirurek eta bakoitzak daukate proiektu bana. Berriz ere berandu zabiltzate! Gainera, azken hiru urte eta erdian, PNVrengandik ekarpen bat ere ez da jaso proiektu horientzako. Adibidez, Abaroa proiektuaren parte hartze prozesuan ez du parte hartu, bilera bakar baten ere. Hala ere, Abaroa «alde batera utzita» dagoela esatera ausartzen dira.
PNVk Lazunarriren proiektua bere sinadurapean aurkeztu zuen, Jaurlaritza alderdikeriz erabilita, hauteskundeetara begira egitasmo hau kapitalizatu nahian edo. Orain, meritu hori Lekeitioko udalaren elkarlan tekniko eta politiko bateratu batena dela argi geratzearen beldur da. Eta berriz ere, oposizio trakets eta baxura jo du. Egiari errespetu gutxi eta herritarrak ignorantziaz tratatuz.
Udalaren ordezkari diren PNVko kideek erantzukizun politikoa zorrotzagoa izan beharko lukete, jantziagoa, eta beharrezko seriotasun politikoarekin. Etxerako lanak ezin dira hain gaizki egin, oposizioan egon arren ere udalaren parte baitzarete!
–Edriga Aranburu eta Xabier Arrate. Lekeitioko Bilduren izenean.