Liburua pelikula baino hobea da
Kultura eta artearen garairik onenak bizitzen ari gara; inoiz baino eskuragarriago ditugu liburuak zein pelikulak, eta inoiz baino gehiago betetzen dira aretoak, antzerki, musikal edo kontzertuen bidez. Duela ez asko, artea jende-klase murriztu eta zehatz batentzat zen soilik, alfabetatuentzat. Baina, XIX. mende bukaeran, zinematografoaren asmakizunarekin batera, jendea lehenengoz mugimendudun irudiekin disfrutatzen hasi zen. Garai hartako proiekzioak urruti zeuden egungo filmen narratiba eta lengoaiatik, baina, biak bietara, gutxi batzuen aburuz, gehiengo baten entretenimendu hutsalak dira. Liburua pelikula baino hobea dela diote, kolektibo murriztu baten parte izatearen beharrak bultzatuta edo. Alderaketa zilegi dela normalizatuta daukagu, baina liburua izan daiteke pelikula baino hobea?
Filmak, liburuekin alderatuz, ikusgarriagoak dira, literalki. Soinu eta irudia uztartzeak kontakizunean eta bere atmosferan errazago sartzea ahalbidetzen du, eta, horregatik, askoz ere jende gehiagorengana iristen da. Hori, ordea, izebergaren punta besterik ez da, agerikoa den horren azpian badago mamia; musikaren erabilera, aktoreen interpretazioa, eszenografia, arte zuzendaritza… Askok ikusi eta disfrutatzen ditugu pelikulak, baina, denok ulertzen ditugu bere osotasunean?
Ikus-entzunezkoen etsairik handiena erritmoa da; zaila da lau orduz arreta mantentzea pantailari begira. Arazo hori kontutan hartuta, liburuak baino pultsu azkarragoa izan behar du, eta, horrek, pertsonaietan zein testuinguruan sakontzeko aukera kentzen du. Ordu eta erdian, –zuzendari bezala– aurkezten ari zaren mundu horren berri eman behar duzu, pertsonaiak eta beraien motibazioak naiz euren arteko harremanak azaldu, istorioaren eta protagonisten garapen arku bat egin eta guztiari amaiera koherente bat eman. Modu honetan planteatuta, ezinezkoa dirudi, baina askok egin egiten dute, beti ere, lantalde erraldoi baten laguntzarekin. Argazki eta arte zuzendarien laguntzaz, Arcane (2021) pelikulako fotogramak edozein museotan eskegita egon litezke. Zenbatek egin dugu negar Braveheart-eko (1995) hiletako gaiten doinuarekin eta haren soinu banda entzunda? Soinu editoreei esker, planoz kanpo dauden ekintzak zehaztasun osoz imajinatu ditzakegu La trincher infinita-n (2019) bezala. Eta, zenbatetan irakurri dugu pertsonaia baten pentsamendua Frances McDormand aktorearen begiradagatik?
Ez naiz etorri liburua gutxiestera, ezta gutxiagorik ere. Papera medio paregabea da istorioak kontatzeko, baina baditu bere mugak; izan ere, ez dute soinu banda gogoangarririk, ezta barrenak bitan banatzen dituen interpretaziorik ere. Idazleak mila hitz erabili ditzake paisaia bat deskribatzeko, argazki zuzendariak, ordea, nahikoa du bost segundoko sekuentzia koloretsu bat ikuslea liluratzeko. Akaso, Forrest Gump (1994), The Shining (1980) edo historiako film onena den The godfather-en (1972) kasuan, liburua pelikula baino hobea da? Sortzaile bakoitza, aditua den medio horren indarguneez baliatzen da kontakizun hunkigarriena eskaintzeko.
Pelikula liburua baino hobea ez den modu berean, liburua ez da pelikula baino hobea, kontsumitzaile bezala, disfrutatu dezagun bi medioez.