Potxuak Martxan: Loditasuna lohitzat jo, eta horma irudia ezabatu du udalak
Loditasuna lohia dela iritzita, hondartzako murala ezabatu du udalak. Muralean emakume lodi ahaldundu bat agertzen zen, bere gorputzarekin gustora. Arrazoiak paisajistikoak ei dira, muralean irudikatu genituen emakumeak ez dituzte antza, udal irizpideak betetzen. Irizpideak noski, ez dituzte inon idatzita, murala udal baimenarekin egin baitzen iaz. Eta beraz zer dela eta kendu dute baimendutako murala? Alkate jaunaren eta bere gobernukideen edertasun kanonarekin bat ez datorrelako, horra! Hori izan da udalak eman digun erantzuna, hilebete galdezka ibili ostean ea murala beraiek ezabatu duten, lotsagabekeri hori izan da eman diguten erantzuna.
Hondartzan egin genuen murala, jakitun, uda sasoiarekin batera bikoizten direla gure konplejuak. Ez dela beti erreza izaten, hondartzara joan eta gure gorputzak biluztea. Ez dela erreza gure gorputzak ez direlako iragarkietako emakumeenak bezalakoak. Baina hamaika konpleju eta kontraesan izanda ere, saiatzen gara hainbeste min eragiten digun edertasun eredu horren aurka altxatzen. Eta horregaitik egin genuen murala. Gure gorputzak maitatzeko, hainbat eta hainbat emakumeei arnasgune bat emateko. Baina gure gorputzak diren bezelakoak maitatzea ez da desiragarria Lekeitioko EAJ-rentzat. Emakume errealen gorputzen irudiak ez dira ederrak EAJ-rentzat. Arrazoi paisajistikoak! mesedez eta faborez!
Eta azkenean, 5 urteren ostean, bagoaz Berdintasun Batzordetik. Azken hilabeteetan udaletik jasotako tratu eskasa onartezina delako. Zergaitik ez diguzue batzordean bertan esaten, baimendutako murala ezabatuko duzuela? Ez duzuelako partehartzean sinisten. Batzordea zuen lana guk egiteko baino ez duzuelako erabiltzen. Ez zaretelako ausartzen arpegira esaten murala ezabatuko duzuela. Ez daukazuelako arrazoirik, irizpiderik. Berdintasun batzordean lan egin arren, udal gobernuko kideek behin eta berriz gezurrak esan dizkigute (pankartak ez dituztela kendu eta gero baietz); mesprexatu gaituzte (baimendutako murala ezabatuz); umilatu gaituzte (pankarten bila zamarpotora joateko esan zigun behin udaleko batek) eta guk egindako ikusezin bihurtu nahi izan dute (azken udaleko aldizkarian udal berdintasun planetan Potxuak Martxanek egindako lana ez zuten behin ere aipatu).
Antza alkateari gustatu behar zaio ze aldarrikapen, ze artelan egin ahal diren herrian. Baina baimena lortuta ere gero ezabatu egiten ditu udalak bere nahiera. Kalea baina, denona da eta denok dugu adierazteko eskubidea. Eta horregaitik denagatik udalarekin harremanak etetzen ditugu. Ez gara etorri zuentzat atsegina den feminismoa egitera. Betiko moduan, lanean jarraituko dugu Potxuak Martxanekook. Desobedienteak garelako eta plazerrez egiten dugulako… #La vamos a liar gorda!
Nere, Maite, Eli, Leire, Oldazne, Amaia, Itzi, Jone eta Uzuri. Potxuak Martxaneko kideak