Loreak
Azaroak 1a izan zen aurreko astean. Urtero jai-eguntzat dugun eguna. Arimen gaua deitzen diote egun horren lehen orduei. Batzuentzat beste batzuentzat baino jai egun alaiagoa da. Ohikoa ez dan moduan, herriko hilerria jendez beteta goizez. Urtean zehar askotan ikusten ez diren familietako kideak elkartzeko «aitzakia» eder bat. Hilerriak bezalako hain leku nostalgikoak inoiz baino kolore gehiagoz janzten dira; tristuraz baina alaitasunez ere sorturiko irriak, oroitzapenez betetako ibilbideak, eta loreak. Kolore eta estilo guztietako loreak. Ironiko xamarra iruditu izan zait beti hildakoek bizirik daudenek baino lore gehiago jasotzea. Baina ulertzen dut jada fisikoki gurekin ez daudenez, oroitzeko eta haiekin maitasun keinu bat izateko modu bat dela.
Ahanzten ez den inor ez da guztiz hiltzen eta, horregatik, azaroak 1 hori nolabait zentzugabekeria da nire ustez. Egunero oroitu beharko ginateke beti gurekin dauden eta egongo diren izarrez. Egunero beharko luke momentua beraientzat hitz politak idazteko, pentsatzeko edo kontatzeko. Loreak eskaintzeaz gain, pentsamenduak eskaini beharko genizkieke. Eta irribarreak. Eta malkoak. Bakoitzaren lorpenetan beraiez oroitu, eta bakoitzak nahiago duen moduan, beti presente izan.
Itsasoa ikustearekin nahikoa dut nik horretarako. Itsasora begiratu, eta olatuek arroketan talka egiten dutenetan sortzen den soinu hori entzutean, badakit nirekin daudela, eta egongo direla. Zaudeten lekuan zaudetela, zuei irribarreak eskaintzeko prest izango nauzue beti, zuek nirekin egin zenuten bezala. Horregatik, imajinatu ditzakedan lorerik politenak zuentzako dira.