Hamar galderatik zortzi ikasi eta beste biak galdetu deuskuz kabroiak!», marmarrean ari zan ikasleetako bat klasera sartu nintzanean. Filosofiako azterketa egin barri, berotuta egoan ondino. Gai barriagaz hasi guran, txostenak banatzen hasi arren, laster igarri neutsan ez genduala asko aurreratuko atzokoan. Beste batzuk mahai gainera euren burua botata, erdi lo, behetik gora begiratu eusten paperak lepora botatakoan.
Mutilaren marmarrak jarraitzen ebala ikusita, «Zorte txarra! Bizitza loteria da!» erantzun orduko, hanka hondora arte sartu nebala ohartu nintzen. Lo egoanetariko bat elektrokutatuta lez tentetu eta loteriaren iragarkiagaz negar egin ebala kontatzen ez zan hasi ba! Detaile guztiz aitortu euzkun, ama eta biak malkotan busti zirela. Gai barriak ez baina bere istorioak, interes handia piztu eta komentario zaparrada etorri zan ostean. Bapatean, danak esna eta adi.
Ez dot asko behar izaten holakotan nik be iritzi lehian sartzeko eta tia Margloriri askotan entzundakoa esan neutsen, «jokoa ez da errenta, oiloa hoba erreta!». Emoten dau bai gaiak hausnarketarako. Estatuak, diru iturri lez jokoa bultzatzea zilegi da? Baina loteriak badauka ezkutuan mezu arriskutsuago bat, hasierako nire baieztapenagaz bat datorrena: Bizitza loteria da, zorte kontua.
Leku batzutan ondino Aste Santuan egiten dan presoaren indultu edo barkamen ekintza datorkit burura. Zorteak erabakitzen eban sutara botatetik nor salbatu, agintarien eskuzabaltasuna adierazteko. Gaur loteriagaz lez. Estatuak bere egin beharrak alboratu eta ongizatea edo bizi iraupena be zortearen eskutan izten ditu. Lana loteria bihurtu da, etxeak be zozketa bidez banatzen dira. Hori gitxi balitz, herritarren esparantzagaz jolasten dau, zorionerako bide laburrena lapur bide bihurtuz. Baten zorte ona gehienen zorte txarrak eragindakoa dala jakin arren.
«Ba amak iaz lantokian erosi izan balu, aberatsak ginateke…», salto eban azken filatik, nire berbek minduta. Eta pitilina balu hire ama barik aita litzatekek, pentsatu neban neure artean. Eta beharbada beretzat hoba, Gabonetan be, «El Gordo», «del niño»… Loteria eta zortea maskulinoak dira eta! Eta ez loteria tokatzeko aukera gehiago doguzelako, lan gutxiago egiteko pribilejioagatik baino.
Bertso finalera lau eta lau heldu badira be, aukera bardintasuna eta lanen banaketa loteriaren esku dagoz. Pribilejio edo betebeharrak izatea, alutik ar edo eme urtetearen araberakoak dira eta ondino. Opariak, sukalde lanak, zaintza beharrak… «Lagundu» barik, arrok gure zatia egiten hasi behar dogu, zortea alde batera itxita. «Ea ba egia dan!», pentsatuko dau nire amak.