Aurtengo udan gertatu zitzaidan. Unibertsitate garaian ezagututako lagun bat ikusi nuen jai batzuetan. «Zelaaan???» erraldoi bat, musu bi, «ondo-ondo», eta jarraian galderak ilaran: Ea non egiten dudan beharra, jarraitzen ote dudan pianoa jotzen, non bizi naizen eta bestelako hainbat kontu. Ostean, bueltako partida, nik bera galdekatu behar nuenekoa. Listua irentsi eta sglub: «Zu, Dublinen bizi izan zara, ezta?» Baietz berak, ea nola dakidan. «Ba Facebookean ikusita…». Eta osteko galdera guztiak erdi sobran, ikusi nuela Tailandian oporretan egon zenekoa, amama hil zitzaionekoa eta orain Bilbon bizi zela ere banekiela.
Udazkenean sartu ginenean egun pasa joan nintzen ibilaldi erraz horietako bat egitera. Halako batean, sekula aurrez aurre ikusi gabeko ume bat ikusi nuen… eta ezagutu! Han zetorren atzetik bere ama, 12 urtetan ikusi ez dudan laguna. Eta honekin berdin. «Hau nire alaba da» eta ezjakinarena egin nik: «Bai? Igartzen da bai, zure iguala da ta!».
Momentu gazi-gozoak izan dira. Itzelezko poza hartu dut eurak berriro ikustearekin, baina aurretiaz eurei buruz gauzak jakiteak sortu didan ezinegona kendu ezinik egon naiz euren aurrean, zerbait txarto egiten ariko banintz moduan, sentimendu horrekin.
Zer irabazi dut urte horietan euren bizitzako pasarteak jakinda? Eta zer irabazi dute eurek niri informazio hori emanda? Galderak airera…
Liburu bat irakurri aurretik hari buruzko pelikula ikustearen antzerako zer edo zer dela iruditzen zait. Liburuak informazio gehiago eduki ohi du, sakonagoa da: Sentimenduak gehiago adierazten dira, pertsonaiei buruzko hausnarketa eta balorazio gehiago egiten da, eta batez ere, imajinazioari tarte gehiago uzten zaio. Baina zer gertatzen da liburu bat irakurri baino lehen pelikula ikusten badugu? Ba nagi galanta ematen duela gero liburua irakurtzen hasteak eta nik neuk ez dudala «lan» hori sekula hartzen.
Engainua da hala ere: garrantzitsuena dela uste duguna badakigunez, azaleko horrekin geratzen gara eta ez dugu sekula sakonera begiratzen. Egindakoak baino bizipenak direlako garrantzitsu bizitzan. Irudi eta aurpegi asko bai, baina liburu sakonetik gutxi dauka Facebookak.