Jende askok ezagutzen zaitu. Oholtzak ematen duen alturak ezagutarazi zaitu, baina guk ezagutzen zaitugu lurraren mailan ere. Aspaldi ezagutu eta eraiki genuen elkarren arteko harremana. Apurka-apurka oso lagun egin gara, eta WhatsApp-eko kontaktuen artean faboritoen artean egoten zara, ia beti. Guretzako lagun zaharra eta laguntzarra zara.
Baina bertsolaritzari dagokion alorreko lurraren mailan ere ezagutzen zaitugu, hau da, oholtzatik kanpo. Eta horregatik dakigu zenbat kostatzen den beti ondo egon beharra, beti ondo egin nahi izatea. Egunen batean lortuko dugu sorbalda gainean daukazun epaile hori behin betirako zakarretara botatzea. Ez baita egia esaten dizuna.
Badakigu zer den 23:00etan geratu eta herriari bueltak eta bueltak ematea kotxean, puntu erantzunak ipini eta ipini. Badakigu irratian edozein doinu jarrita dagoela ere 10-8 edo 8-8 neurrikoa den kalkuluak egiten hastea, doinu egokienaren bila. Badakigu zer den ordu txikitan banku batean jarrita zaudela «etorri, hauxe duzu bakarka egiteko gaia…» esatea, egun osoko nekea pilatuta daukazun aurpegi hori lurrera begira jarri eta pentsatzen hasten zarenean.
Baina… badakigu bakarkako hori serio amaitzera zoazela ematen duen momentuan nola jartzen gaituzun barrez lehertzen azken puntuan. Badakigu zer den goizean itzartu orduko WhatssApp-a berba jokoz beteta edukitzea. Autobusean goazela zure mezu bat jaso eta altuan barre egitea, ingurukoak aurpegi arraroz begiratzen diguten bitartean. Badakigu egun inportanteak datozenean «gaur pozik jaiki naiz» idazten badiguzu, dena primeran joango dela. Eta tokatzen den guztietan joango gara zurekin batera, saioraino. Sekulako tentsioan egongo gara hiru orduz. Eta barre egingo dugu, eta egingo dugu negar, eta ondo pasatuko dugu. Ze maila hori edukita, zurekin, ezin da txarto pasatu. Bai, maila horretan ari zara kantuan, Euskal Herriko onenen artean, eta horregatik, jadanik irabazlea zara. Hori oso gutxik lortzen dute, eh! Beraz, zorionak!
Eta momentu txar eta on guzti horiengatik bizi izaten da desberdin Txapelketa. Zu tartean zaudelako. Edo zuek tartean zaudetelako. Eta horrela egiten duzue ikuskizuna berezi(ago). Eskerrik asko benetan! Hurrengo geltokian elkartuko gara!
OHARRA: jarri Txapelketa Nagusian parte hartu duen edozein bertsolariren izena «zu» guztietan, eta bere gertuko lagunak «gu» guztietan.