Udazkenean entzun nuen albistea: roaming-a ezabatuko da Europar Batasunean. Hau da, ekainetik aurrera ez zen gainkosturik ordaindu beharko telefono mugikorraren roaming-agatik. Ez zen Internet konexiorik barik geratuko aparailua Europar Batasunaren barruko muga politikoen artean. Ez genuela wifia topatzen zoroen pare ibili beharrik izango, alegia.
Aste hartan bertan, Maddi Ane Txoperenak albiste horri buruzko iritzi artikulua idatzi zuen Berria egunkarian. Hark zioen, mugikorren konpainiek turistentzako onura moduan saldu zuten albiste horrek bazuela bestelako onura handi bat. Are gehiago gure moduan bi estaturen artean bizi diren biztanleen kasuan. Izan ere, egunero Irundik Hendaiara lanera doan batek, adibidez, ez zituen mugikor bi eduki beharko aurrerantzean. Beste perspektiba bat zabaldu zidan orduan, eta pentsatu nuen hain hurbil bizita zein gutxi akordatzen garen muga politikoa egunero muga handi moduan daukaten lagunekin. Horientzat bai, albiste ona
Asteon oporretan nago gure telefono konpainiak beste herrialde bat kontsideratzen duen lur batean. Heldu nintzen momentuan mugikorra atera eta Interneta betiko legez zebilela konturatu nintzen. «Iuju! Ze ondo!». WhatsApp-ak momentuan jaso, Facebook-en kuxkuxeatu… Dena betiko legez ari zen funtzionatzen. Eta ohartu gabe sartu nintzen betiko zurrunbiloan. Bigarren egunean konturatu nintzenera arte laneko email bi jaso eta erantzun nituela, WhatsApp-etik kuadrillakoen Ondarruko elkarrizketak jarraitu, Facebook-ean herriko argazkiak ikusi, gure egunkarietako albisteak orduro irakurri… Eta bat-batean, bateriarik gabe geratu eta begirada altxatu nuen. Eta konturatu nintzen zein gutxi ari nintzen bizitzen oporraldia. Zein gutxi erreparatu nion gurea ez den hizkuntzari. Menua ulertzeko zerbitzariari galderak egin beharrean hiztegia deskargatuta neukala mugikorrean.
Aurrean neukan musikariaren jaioturtea Wikipedian begiratu nuela museoan bertan zegoen kartelean irakurri baino lehen. Seinaleei jarraitu beharrean GPS-ari begira nindoala kaleetan. Bateria ere, hain zuzen, horregatik agortu nuela: etengabe konektatuta egoteagatik. Urte osoan deskonektatuta egoteko geneukan astebetean ere konektatu gaituzte egunerokotasunera. Eta mundutik deskonektatu guztiz. Hotelera heldu eta mugikorra kargatzen jarri dut berriz. Eskerrak mugen artean bizi diren lagunentzako, behintzat, albiste ona den.