Maitasunaz maitasunez
Aita hil zaigu. Pentsalaria zen aita. Bizitzako urte gazteak bere bizitzaren zentzua topatzen ibili zen apustu sendo bat eginez, eta apustu honek espero bezalako fruituak eman ez zituenean, bere eta gainerakoon bizitzaren zentzuari bueltaka aritu zitzaion denbora luzez bide berriak aztertuz. Baretu zen noizbait bere bilaketa grina. Ez horrela pentsatzeko joera, gauzak hausnartzeko apeta.
Pentsamendu edo gomuta guzti hauen emaitzak erraz plazaratzen ez bazituen ere, 2015. urtean herriko aldizkari batetan maitasunaren gaia jorratzen zuen idatzia argitaratu zuen. Bertan, bizitzan zehar maitasunaren poderioz egin ditzakegun hiru jaiotza proposatzen zituen: jaiotza biologikoa, jaiotza psikologikoa/gizabanakoarena eta soziala (azken bi hauei nik jarri diet ezizena).
Bere XX. mendeko pentsamoldearen arabera, lehen jaiotza gehienak gizon eta emakume baten arteko amodiozko elkarketari esker gertatzen dira. Urte batzuetara, inguruan ditugun eta gu maitasunez zaintzen gaituzten besteei esker, gizabanako moduan jaiotzen gara: besteengandik desberdinak garela ohartzen gara «ni» bat dugula. Hori da bigarren jaiotza. Azkenik jaiotza honek gugan gehiegi konzentratzearen arriskua dakarrela eta hirugarren jaiotza bat egiteko aukera dugula uste zuen aitak: maitasuna era helduan eta kontzientean aukeratzean egiten dugun jaiotza; maitasuna pertsonak eta gizarteak egokien eraldatzeko modua dela ulertzea eta norbere burua zein besteak maitatuz bizitzea hautatzea.
Ondorioz bizitzaren zentzua Naturari bere osotasunean egin diezaiokegun itzultze aske eta eskertu bat izan daitekeela zioen, garen osotasunetik. Horrek zer esan nahi du? Maite duenak ez dituela ez legeak ez printzipio etikoak behar, soberan betetzen dituelako maite duenaren onura eta zoriontasuna bilatzen duelako. Maitatzen duenak bere burua maitatzen duela lehenbizi eta honi onura egiten dioten ekintzekin goratuko duela.
Aitaren bizitzaren parte izan zen heriotza ere printzipio hauek inguratu zuten: bere buruari onura egitearen alde erabaki zuen eta alboan geundenok (era estuan maite genuenok zein pertsona, gizaki, izaki zelako maite zutenok) zen subjektu libre bezala errespetuz eta maitasunez joaten utzi genuen.
Eguerdirako zutabe hau irakurrita izango zuen aitak HITZAn. Aldizkaria ohiko tokian utzi eta «zure idatzia agertu da» esango zidan arratsaldez lanetik bueltatzerakoan. «Ondo dago baina erabiltzen dituzun esaldi luzeekin ez dut guztiz ulertzen» gaineratuko zuen, maitasunez.