Mari Domingi, zertara dator?
Gabonak gainean ditugu, sinboloz eta fantasiaz betetako egunak izaten dira hauek. Data hauetan bereziki (zein bestelakoetan) agertzen zaizkigun figuren inguruko hausnarketatxo bat konpartitu nahi dugu.
Izan ere, ingurura begiratzen hasi eta toki ezberdinetan, Gabonetan aurki ditzakegun sinbolo guztiak maskulinoak dira: Olentzero, Aita Noel, Caga tio Herrialde Katalanetan, erregeak… Kasualitatea ez dela ere ohartzea begi-bistakoa da. Azken finean, jendarteko sektore baten ikusezintasun baten ispilu dira horiek, errealitate baten ispilu, patriarkatuaren ispilu.
Hala ere, azken lauzpabost urteetan figura berri bat azaldu zaigu Euskal Herrian: Mari Domingi. Agerpen honen aurrean zalantza asko sortu zaizkigu eta partekatu egin nahi ditugu .
Lehengo galdera: orain arte kultur transmisioan ez dugu asmatu eta ahaztuta izan dugu Mari Domingi? Hau da, belaunaldiz belaunaldi egin den transmisio lan horretan galdu izan den duda sortzen zaigu. Edo ea orain gutxi sortu den emakumearen ikusezintasuna lantzeko asmoz sortu den.
Berdintasuna lantzea badu helburu Mari Domingik, zein funtzio ematen diogu? Zer da Olentzerorena? Etxeko andrea, emaztea, laguna, koadrilakoa… Jendarte honetan emakumeari egotzi zaion rol bat zaintzarena izanda, guk ere funtzio hori egozten badiogu horrela gehiago erreproduzituko genuke lan banaketa desorekatua… edo agian, zaintza lanak bistaratu eta balioa emateko balioko luke? Bestetik, ez al dute Olentzerok eta Mari Domingik elkarrekin heteronormatiba sustatzen, gizon eta emazte bikote paregabearen irudia islatuz?
Zalantzak ditugu parekidetasuna lantzen ote dugun Mari Domingiren figurarekin edo guztiz alderantzizkoa egiten ote gauden, betikoa erreproduzitu. Izan ere, gizon bati ondoan emakumezkoa jartzearren ez gaude zertan parekidetasuna lantzen ari, emakumezko horri ematen diogun rolaren arabera izango baita.
Agian helburua ez litzateke izan beharko beste figura femenino bat sortzea, baizik eta dauden figurei generoa neutralizatzea. Sinboloak dira eta fantasiaz beterik daude, dena da posible. Edo, zer diozu zuk?
Amaia Nicholson eta Leire Goitisolo. Lekeitioko Potxuak Martxan.