Marivi
Makina bat irakasle eta ikasle igaro dira 1973. urteko apirilaren 3an (Vicente de Palacio, Aldaba aldizkariko 93. Zenbakian. 1998) Allende Salazar Eskola Publikoak ateak parez pare ireki zituenetik. Garai hartako populazio hazkundeak horrela eskatzen zuen eta administrazioak, eskola berria eraikita, era egoki horretan erantzun zion.
48 urte hauetan pasa diren guzti haiengan, oroitzapen bat edo beste izango da. Neurozientziak dioenaren arabera, egunero lo egiterakoan memoriak sendotzen dituen oroitzapen gutxi horiek burmuinaren txoko berezi horretan gordetzen dira. Nireak, lauzpabost badira ere, oso argi ditut. San Fidel Ikastolako egoitza zaharrean andereƱo Lolirekin (Loli Isasi Mandaluniz) hezkuntzan eman nituen lehen pausoen flash batzuk xehetasun osoz deskribatu ditzaket. Horrela, nire gozamenerako, irakasle kutun hori ikusten dudan horietan memoriak une goxo haiek eskaintzen dizkit. Harrigarria bezain zoragarria.
Nire seme den 3 urteko Xabierrek, duda gabe, maitekiro egun ona eskaintzen dion irakaslearen oroitzapen politen bat betirako gordeta izango du memoriaren altxorren txokoan. Horregatik, hainbeste gozatu izan duen lanari agur esateko garaia iritsi zaion momentuan, Hitzak eskaintzen didan bozgorailu honetaz baliaturik ZORIONAK ETA BI MILA ESKER MARIVI sentikor bat eskaini nahi diot.
Berari, eta bide batez, baita ere Mariviren eran, hitz gutxitan sinesgarritasun ikaragarria transmititzeko gai zareten irakasle guztioi. Zorionez, gurean, sinesten dugun eskola publiko honetan, halakoak badira. Eta beraien bidea bukatzerakoan ere, merezitako agurra jaso beharko dute. Bitartean, osasuna eta hezkuntza, ekonomiaren parera jarri dituen pandemia pairatzearekin batera, bidezkoa da ahalmena duten gure garaiko agintariei mezu hau beste berriz helaraztea.
Udala eta Jaurlaritza, beste herri batzuetan egindakoaren antzera eta Barrutiko eskola publikoaren aurrez aurre suhiltzaile parke berri liluragarri bat egiteko gai zaretela ikusita, hurrengo 48 urteetan gure umeak eta goraipatutako irakasleak beraien lana kalitatezko baliabide anitzez garatu dezaten, eraikin berri baten beharra aldarrikatu eta gogoratu nahi dugu.
Zaindu behar ditugun irakasle eta gure umeei zor diegun Allende Salazar Eskola Publiko berria. Denon Eskola. Herria. Etorkizuna. Bizia.