Markina-Xemeingo saihesbide berria
Askok esan didate Erdotzako auzotik herrira sartzean ez dutela begiratzen eskuin aldera, nahiago dutela ez ikusi mendian egiten ari diren txikizioa.
Autoak eta kamioiek kalte egiten dute herrian, jakina da. Ehundaka kamioi eta auto egunero herri barrutik pasatzen dira, baina arrazoi nahikoa da hau media zulatzeko? 5.000 biztanleko herriak bi saihesbide izango ditu «Y Vasca» izango balitz bezala. Betidanik autoak pasatu diren bidea orain trafiko gutxirekin geratuko da, baina inguruko landa eta mendiak suntsituta. Zer nolako aurrerapena. Herrigune berde bat izateko berdegunea suntsitzea, gaur egungo ekologismo merkea. Aurrerakuntzaren izenean egiten den beste handikeria bat da hau, kapitalismoak ezarritako logika zoroaren beste ondorio bat. Badirudi Etxebarriko enpresa handiek ez dutela nahi bere langile eta garraiolariek minuturik galtzea Markina-Xemein zeharkatzen. Dena izan behar da gero eta arinago, berehalakotasuna bilatzen duen sistema honen barruan, baina proiektu hau ez da aurrerakuntza, ingurumenaren eta bertako animalia, lurzoru, ur eta ohituren suntsiketa baizik.
Ulertu beharra dago geografia arazoak direnean ezinezkoa izan beharko litzatekeela saihesbide bat egitea, lurzoruak ez baitu aukerarik ematen inpaktu ekologiko handirik gabe. Naturaren eta ingurumenaren jabe sentitzen dira batzuk. Nahiago dute mendia zulatu eta herri alboan genuen landa politenetariko bat galipotez bete. Egunen batean konturatuko gara errekak, akuiferoak, lur zoruak, basoak… garrantzitsuagoak direla progresu faltsuak saltzen dizkigun aurrerapenak baino.
Betidanik autoak pasatu diren bidea orain trafiko gutxirekin geratuko da, baina inguruko landa etamendiak suntsituta. Zer nolako aurrerapena!
Aipatu beharra ere, bizi dugun krisi egoera gero eta gogorragoa dela eta etxe askotan oinarrizko beharrizanak faltatzen hasiko diren momentu hauetan horrelako diru kantitateak obra faraonikoetan gastatzea lotsagarria dela, etxe askotan jateko edo argiaren eta gasaren fakturak ordaintzeko arazoak ditugunean.
Landak eta mendiak beti izan dira gure paisaiak, bertan hazi gara, eta lur hauek eman diote jaten eta edaten Markina-Xemeini urte askotan. Orain ikusi beharra dago ea inguruko iturriek ura ematen jarraituko duten edo betirako estalita geratuko diren zementu azpian, lurzorua bezala. Txikizio hau agindu, antolatu eta babesten dutenek ezingo didate inoiz saldu herria maite dutela, boterea eta dirua baizik.