Memoriaren kaxoiak
Kaxoi txikiz osatutako armairu handi baten moduan irudikatzen dut gure burmuina. Umeena etxeko sarreran dagoen armairutxo hori bezalakoa; helduaroan atea zabaldu eta barruan jantzi daitekeen gela horien antzekoa; eta zahartzaroan, Ikearen moduko zerbait: sartu eta sartu eta guztiaren amaieran biltegi ikaragarri bat. Apal batzuk urrunegi, hango oroitzapena benetan ondo ikusteko, beste batzuk berta-bertan, detaile guztiak aztertzeko moduan.
Esaten dutenez, bizitzako pasarte batzuk borratzeko joera dauka memoriak. Traumaren bat bizi dutenek, min handiak izan dituztenek, gogoratzen dute mina izan zutela, baina behelaino artean izaten dituzte oroitzapen horiek. Beste oroitzapen batzuk, ostera, eraldatzen joaten gara, kontatzen ditugun bakoitzean zerbait berria sartzen dugulako kontakizunean. Baina bada, nire ustez, gauzak memoriatik ez ezabatzeko truko on bat: egunero erabiltzen dugun burmuinaren kaxoian sartzea. Egunero, lanera joan aurretik giltzak hartzen ditugun kaxoi horretan izatea, begiratu eta ez ahazteko.
Kaxoi horretan daukat Zaldibarko zabortegiko sarraskia. Hiru aste pasa dira eta batzuk biltegira bidali dute dagoeneko. Ni, ostera, seguru nago nire gorputza etengabe ari dela hango berri arnasten, eta ez duela inoiz ahaztuko han gertatutakoa, hango zikina nire biriketan iltzatuko delako. Baina memoriatik ezabatzen bada, ahaztu egingo zaigu zergatik sentitzen garen txarto eta zer (edo nor) sartu den gure gorputzera.
Komunikabide gehienak gure memoriako apal hori ezabatzen ahaleginduko dira egun gutxi barru. Ahalik bizkorren, azkarren, agudo, apirilaren 5a gainean dago eta. Baina guk behintzat gorde dezagun eskura dugun kaxoian. Albertogatik, Joakinengatik, euren gertukoengatik, han beharrean ari diren langileengatik eta gutako bakoitzaren osasunagatik. Egiagatik. Ez diezagutela kaxoia giltzaz zarratu.