'Menu del dia'
Oporretan zoazenean eta oporretatik zatozenean, joaneko bidaia eta itzulerakoa bide beretik izan arren, desberdinak izan ohi dira. Askotan, irudipena duzu oporretatik itzulerako bidaia laburragoa dela joateko bidaia baino. Eta antza ohikoa da, hainbat ikerketek frogatzen dute benetan «joan-etorriaren efektua» dagoela. Joaterakoan ezezaguna denak, bueltako bidaian ezagunagoa denez, itzuleran denbora azkarrago igarotzen dela sentiarazten digu. Niri bidaia ez, joan eta etorri bitartekoa pasatu zait arin, eta bueltarakoan gauza asko ezagunak bai, eta ez aurrera ez atzera jarraitzen dutela iruditu zait.
Joanekoan Casalarreinako (Errioxa, Espainia) sarreran beste hizkuntzekin batera «ongi etorri» jarrita ikusi nuen herri sarrerako biribilgune handian. Ezcarayn (Errioxa, Espainia) izozki dendan euskaraz ere ikusi nituen izozkien izenak eta osagaiak, eta Navarreteko (Errioxa, Espainia) buztingilearen ontzien artean «olioa» eta «gatza» jartzen zuen. Txarrerako ala onerako arrastoa nonbait lagatzen dugu euskaldunok (euskal hiztunok) gure herritik kanpora ere, eta gure estimua irabazi nahi duenak badaki euskarari keinurik txikiena egitearekin, gu limurtu, irabazten gaituela.
Bueltako bidaian, ohikoa eta ezaguna bidean eta herrian. Bere lekuan darrai «hay pollos asados» dioen tabernari euskaldunaren kartelak, eta «plato del dia» dio oraindik beste jatetxekoan. Berria da autobus geltokiko horman gaztelania hutsean dagoen parrandarako egitaraua, eta «Se vende» kartela jartzen du goiko etxean (hau ere berria da). Ohikoa bai, baina ohituta ez, euskarari gutxieneko lekurik ere ez egitera. Antza, ez txarrerako ez onerako arrastorik ez dugu lagatzen euskaldunok geurean, edo ez dute gure estimua irabazteko beharrik sentitzen.
Duela hogei urte egin zen ikerketa batean, Euskal Autonomia Erkidegoko taberna eta jatetxeen erdietan (%51) ez zutela euskara batere erabiltzen jaso zuten, harrezkero ez dakit zenbat aldatuko zen egoera, kanpainak kanpaina antzeko jarraitzen dutela esango nuke. Tabernetako menuak eta errotuluak askotan ingelesez eta frantsesez euskaraz baino errazago topatzen ditugu, geurean euskaldunok atzerritarren pare ere ez askotan, eta gaztelania da gure eguneko menua. Gure menu del dia.