Mikel Iruskieta: 'Franco eta Mola Bermeon, hau nazka!'
Dena hasi da beste «abentura» bat bizitzea erabaki genuenean, euskararen lurraldean. Oraingoan oinordekotzan jasotako etxeko eta loijeko jabetza-paperak zuzendu eta gure izenean jartzea da asmoa. Biak ala biak diktadurapean erositakoak eta jabetza-agiriak kastellano garbian dauzkagu, euskaldunen (besteak beste) hiltzaile odoltsuen omenez indarrez jarritako Generalisimo Franco eta General Mola laudatzen zuten kaleetan, Erribera (Askatasun Bidea) eta Santamañe kaleetan, hurrenez hurren.
Lehendabizi, paperak euskaraz egin zitezkeen uriko notario ospetsu baten bulegora joan nintzen, baina hasteko harrera gaztelaniaz egin zidaten. «Ene, ama! Zer da hau», pentsatu nuen: «hona etorri euskaraz dena egiteko eta ezin!». Gero, bertan pasadizo harrigarriak igaro ondoren, jabetza-paperik gabe bueltatu nintzen Bermeora, galduak nonbait! Sinisteko ere! Azkenik, beste notaritza batean egin nuen saiakera, eta gainkosturik gabe jabetza-agiriak euskaraz ere izango nituela jakinarazi zidaten, Bizkaiko Abokatuen Elkarteak egindako itzulpenari esker. Dena euskaraz egin ahal izan nuen, azken irakurketa izan ezik. Han geunden etxekoak eta badakizue abizenak irakurtzen hastean, nolako ahalegina egin behar izan zuen notarioak. Zenbat urte herri euskaldunean eta oraindik abizenak ere ezin ondo ahozkatu! Ez duzuela sinisten? Ondo egiten duzue, neuri ere kostatuko litzaidake. Notarioari jakinarazi diot, euskaraz bakarrik nahi nituela eta hori ezinezkoa dela esan dit. Ondoren, eskatu diot euskarazkoa eta gaztelerazkoa orri ezberdinetan jartzeko, baina hori ere ezin. Hantxe, euskara erdararen morroi, bigarren eta orri berezi bat ere merezi ez zuelarik. Kastellanoa hantxe, beti bezala bizkarretik kendu ezingo dugun bizkarroia dela gogorarazten! Hau nekea!
Horrez gain, abentura horren barruan beste abentura bat bizi behar nuela nork esan behar zidan, ba! Agiriok irakurtzen hasi eta konturatu naiz oraindik orain, paper zaharrak berritzean ezin dela aipatutako hiltzaile odoltsu bien izenak kendu agiriotatik. Ez, ezin dira Generalisimo Francoren eta General Molaren izenak kendu, nik hala eskatu arren notaritzan eta notario andreari.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren atalari deitu eta ez zekiten zer egin zitekeen ere eta gomendatu zidaten salaketa Eusko Jaurlaritzara zuzentzeko. Nik salaketa Bermeoko udaletxean eta Eusko Jaurlaritzan jarri dut. Baina oraindik ez dit inork erantzun. Argi jarri dut Memoria Historikoaren legearen 15. artikuluaren kontrakoa dela halakoak laudatzea (Frankori «Generalisimo» esatea) eta gogoraraztea kale izendegietan.
Baina zein administrazio da hau kale izendegia ere eguneratzeko indarrik ez duena!?