"Milioidun goiztiarrak"
“Millonarios prematuros”. Horrela egin zien behin erreferentzia Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile ohiak bere jokalariei. Egia da futbolak gaur egun duen indarrak duela horretan pisua, diru eta ikusle asko mugitzen baititu. Futbola gustuko dut, baina haren itzalpean ezkutatzen denaz kokoteraino nago.
Maila oneko partidak espektakulu hutsak dira, eta futbolari gazte askok duten maila ere harrigarria da, bai. Arazoa zein motatako espektakulua ematen duten da. Nekatuta nago futbolari batek emakume bat bortxatu duela irakurtzeaz, baina are nekatuago nago hori regate eta gol kopuruek estaltzeaz. Bakoitzaren futbolari mailarekin debatitzen dira beraien hanka-sartzeak (nolabait deitzeko) eta, zoritxarrez, emakume haiei hondatutako bizitza bigarren plano batean gelditzen da.
Hurbileko jendea epaitzea zaila den moduan, gustuko dugun artista edo kasu honetan futbolari bat epaitzea ere horrela da, ikusten denez
Argi dago, gaur egun politikoek ahoetan duten «Solo si es si» lege horren hutsuneak konpontzeaz gain, bortxatzaileen zigorrak handitu beharko lituzketela. Biktimak jasotako babesa ere hobetu beharko litzateke nire ustetan. Horrekin batera, gizarte gisa, hezkuntza sexual eta genero indarkerian oinarritutako heziketa bat txikitatik eskuragarri izatea funtsezkoa da, aurretik dugun mundua behingoz nolabait hobetzeko.
Hurbileko jendea epaitzea zaila den moduan, gustuko dugun artista edo kasu honetan futbolari bat epaitzea ere horrela da, ikusten denez. Dani Alvesen izena dabil oraingoan titularretan, baina gogoratzen ditut Neymar, Ronaldo, De Gea, Ruben Castro edo Santi Minaren kasuak ere. Desberdinak izan arren, antzerako trataera eman zitzaien. Horietan ere, gehiengoak, futbolari bezala duten mailari eman zioten emakumeei egin ziotenari emandakoa baino garrantzi handiagoa. Horrela jarraituz, emakume bezala argi geratzen zait futbolari batek bortxatzen ala jotzen bagaitu, jai dugula. Ze tristea ustez horrenbeste aurreratzen gabiltzan XXI. mende honetan oraindik hain atzeratuta egotea.