Musikaren onurak
Musika gizakiaren jatorriari lotuta dago. Paleolitiko garaiko aztarnetan jadanik agertzen dira musika tresna batzuk. Alemaniako aztarnategi batean 35.000 urte dituen txirula aurkitu dute, sai baten hezurraz egindakoa. Ez da kasu bakarra. Eta Kristo Aurreko 4.000. urtera hurbilduz, Mesopotamian, Indian. Egipton, Palestinan eta Txinan, besteak beste, lira, laute, tronpeta, danborra eta tinbala erabiltzen zituzten euren ospakizunetan.
Tenplu eta jauregietako jaiak ospatzeko, orkestrek eta abesbatzek parte har-tzen zuten, poesia eta dantzekin batera. Berdin gertatzen zen kale eta enparantzetan.
Grekoak eta erromatarrak ez ziren atzean gelditu. Alderantziz, musikari garrantzi handia eman zioten eta Grezian, adibidez, denek ikasten zuten musika-tresnaren bat jotzen 30 urte eduki arte. Talde desberdinen arteko lehiaketak ospatzen zituzten. Neska-mutil erromatarren heziketan ere musika garrantzitsua zen, eta Grezian bezala kantu eta musika-tresnen trebetasuna baloratzeko lehiaketak antolatzen zituzten. Gogoratuko duzue Neron enperadorea lira jotzen, baina 1.000 urte lehenago David Palestinako erregeak ere jotzen zuen.
Erdi Aroak jarraipena eman zion Grezia eta Erromatarren antzinaroko musikazaletasunari. Garai honetan, juglareak eta trobadoreak popularrak ziren, baina Elizak hartu zuen parte nagusiena. Garai haietan monastegiak ziren jakinduriaren gune bakarrak. Bertan sortu zen «gregoriano» izenez ezagutzen den musika berezia, eta bertan gorde ziren, ehunka urtetan antzinako kodez eta eskuidatziak.
Aro Modernoan eta Gure Garaiko musikak pauso handiak eman ditu. Historiak erakusten digunez, musikak bat egin du gizakiokin, bizitzaren hasieratik, aro eta kultura guztietan.
Iraganean hain garrantzitsua izan bada, zer esanik ez gaur egun. Musika gabeko bizitza pentsaezina da. Gainera, zientifikoki, adituen esanetan, eragin psikologiko positiboak sortzen ditu pertsonengan. Ondo sentiarazteaz gain, eta fisikoki hobekuntzak eragiteaz gain, lo egiten laguntzen du. Denok ezagutzen ditugu helburu hori duten euskal haur-kanta zoragarriak. Garunaren alde gehienak suspertzen dituen eragilea omen da. Hitzekin iristen ez garenera, zientziak adierazi ezin duenera iristen gara musikaren bitartez.
Lurralde askotan erabiltzen dute terapia bezala; baita hiri handietako auzo pobre eta arazo larriak dituztenekin ere. Horien artean, besteak beste, ospetsu bihurtu zen Venezuelako kasua,1975ean Jose Antonio Abreuk erabili zuen metodoa: 11 gaztetxoekin hasi eta 200 gazte-orkestra eta 330.000 interprete edukitzera heldu zen. Horien artean, munduko orkestra zuzendari ospetsu Gustavo Dudamel. Dena den, helburua ez da maila gorenera iristea. Hori gutxi batzuk lortuko dute eta. Helburua Abreu beraren hitzetan, zera da: «Haurraren pobrezia materiala musikaren aberastasun espiritualaz gainditzea». Lehenago, duela 2.500 urte, Pitagorasek esan zuen musika espirituarentzat medizina zela. Aristotelesek ere «istilu, ezinegon edo estutasun larri eta iraunkor batetik erabat aske geratzeko erabiltzen zuen».