Natxi Aranburu: Herri txiki, proiektu handi
Beste batzuek, ostera, irail honen hasikeran hurrengo urteari begira jarriko dira, atseden labur baten aste batzuk botata gero. Gure eskualdeotan –HITZAren eskualdeotan, alegia- denetarik izango dugu, Kontxaren glamurraren ezti zaporea dastatzeaz amets egingo duenik bada, aurtengo denboraldia ia amaitutzat eman eta hurrengoaren esperoan mailari eutsi edo jauzi handiagoren eman nahi lukeenik ere bai, kontixu; orain artekoari eustea nahiko dela usteko duenik eta, lastima!, 2016an lehiatzeko mailaz jaitsi ondoren lasai hartu, hauspoa bete eta beste urte betez EUTSI GOIARI aldarrikatuz gogotsu ekingo dionik ere izango da. Hala uste dugu, behintzat.
Eta une batez pentsatzen jarririk ez da gero erraza Elantxobe bezalako herri txiki baten halako proeiktu handi bati, traineru talde bikain bati hain zuzen ere, denboraldiz denboraldi arnasa ematea!. Mailaz jaitsi arren, zorionak arraunlariei, entrenatzaileei eta taldea osatzeko etenak egin eta gero, egunero egunero uretara dzanga eta gure kulturari eta kirolari bizia, ospea eta iraupena emateagatik lan egiten eta egingo duzuenoi. Ikaragarrizko hazaina gure kostaldeko herri txikienean garatzen ari dena. Mirari bat ia-ia hauek esistitzen direla egia bada. Ohituta gaude eta normaltzat hartzen ditugu nolabaiteko botere soziologikoa, ekonomikoa, logistikoa, … dutenei txalo egiten garaikurrak aldiro-aldiro eskuratzen dituztenean, baina arraun proiektu bat garatzeko gazte bila etxerik etxe, aterik ate, herririk herri, kirol disziplinatu eta sari gutxiko –ezezeraren pareko esan beharko litzateke- apostua egiten denean, hor beste zerbait ere badago. Orain urteak- hogeitapiko joan dira- herriko eta inguruko gazteei beste aukera bat zabaltzearena aipatzen zen, baina hori aspaldi izan zen. Bada, zerbait gehiago eta handiagoa elantxobetarron buruan eta bihotzean; zalantzarik barik: herri proiektua eta honekiko kudeatzaile sutsu batzuen etengabeko lana, ilusioa eta buru argia.
Seguru gaude, datorren kanpainan berriro ere elantxobetar trainerua brankaz ikusiko dugula Kantauri itsasoan; izan ere HERRI TXIKI, PROIEKTU HANDI baten eredu baizarete zuok.