Oker gabiltza, KaguenZotz!
Etsituta gagoz. Asko eta askok noraezean, zer egin jakin barik. Inpotentzia da nagusia. Gazan sionistek egiten ari diran garbiketa etnikoa ikaragarria da. Nakba 2.0 bat.
Ez da egia. Gutxi batzuk gaude lur jota Palestinako sarraskiagatik. Gehienontzat «bizitzak» aurrera darrai. Nazioarteko arazoei lepoz bizi gara, gure ohikerien agenda jarraituz. Aisialdia, erosketak, tiktoka… Ukraina, Sahel, Sahara edo Taiwan… ahaztu doguzan bezala Marokon, Iranen, Turkian edota Sirian izandako lurrikarak gogoratzen ez ditugun moduan, Palestinako uholde odoltsua ere ahantziko dogu.
Bai, guk be «arazoak» dekoguz. «Bizitzea» gehienontzat gero eta gatzagoa da. «Ukrainako Gerrari» errua botaz dana irensten dogu. Olioaren eta oinarrizko jakien garestitzea, gasolinaren edo argiaren prezioen gorabehera latzak edota edozein gezur gure ekonomia edo egoera soziala
azaltzen deuskuezan «arrazoiak».
Gehiengoak sentitu ez arren, Mendebaldeko «demokrazietan» gainbehera nabarmena nagusitzen ari da. Sistema politiko eta ekonomikoaren kolapsoa gero eta hurbilago daukagu. Baina hedabideek eta sareek gure identitateen zatiketan ezinbestekoak diren partikulartasuna eta norberekeria areagotzen dabez helmugarik ez daukan bidea zuritzeko.
Ez gara ohartzen. Munduko gizaki gehienak, gizarte guztietan, ia pertsona orok, %5 kenduta, gauza bera esaten dogu ohetik altxatzen garenean: «KaguenZotz, lanera joan behar!». Bai hori da. Bardin da zuri zein baltz, trasmaribollo edo zisheteroa izatea, lodia zein argala, ordezkoa zein funtzionarioa, medikua zein meatzaria, dan-danak, errentetatik, plusbalietatik edota espekulazioetatik bizi ez direnak, beraien indarra, denbora edo adimena saldu behar dabe, sosa horregaz bizi ahal izateko. Hori da batzen gaituena, klase kontzientzia. Hori da ahultzen ari direna.
Gehiengoak sentitu ez arren, Mendebaldeko «demokrazietan» gainbehera nabarmena nagusitzen ari da. Sistema politiko eta ekonomikoaren kolapsoa gero eta hurbilago daukagu
Identitateen biderketaren bidez eta aldez aurretik pentsatutako klase kontzientziaren higiketak gizartea zatitu dau, eta gizarte kolektiboaren iparra galduarazi du.
Arimarik barik bizi gara. Gure barneak hilda dagoz. Pobreak, behartuak gizagabetu doguz. Gehiena «klase ertaina» direlakoan, nazien kontzentrazio zelaien kapoen papera hartu dabe: Zapaltzailearen lan zikina egin, ustez azpiko dituzunak zu baino txarragoak direlakoan, ahaztuz zure borreroak nahi dauanean zu ere eroriko zarela.
Ukrainako gobernu nazizalearen aldeko hainbestek, «Israelen» aldeko horrenbestek, ziurrenez zeharkako informazio hutsa izanik, edo zuzenean paso egin dabelako, herrien zapalduen sufrimendua eta herriekiko bortizkeria zilegitzen dabe.
Egun mendebaldeko gizarte lobotomizatuan diren hiritar gehienen isiltasuna ezinbestekoa da gure gobernuek eta Europako Batasunak duten jarrera lotsagarria eta gaizkidea babesteko.
Bitartean, bihotza apurtuta daukagun (asko izan arren) gutxiengoak jarraituko dogu tabarra ematen: Palestina Estatu bakarra, multikonfesionala, eleanitza eta multikonfesionala.
Sionismoa erauzi eta sionistak epaitu «Nuremberg» 2.0 batean.
Palestinarren itzulketa eta lapurtutako lurra eta ondasunen jabetza.
Palestina Aurrera.
Gaza genozidioa da.