Olentzero-Onentzaro
Pertsonaia mitologiko honen inguruan teoria asko dagoz, bere izen desberdinekin hasita. Horien artean, Lope de Isasi eta Resurreccion Maria Azkuek uste dute «onen aro»-k pertsona onen garaia esan nahi duela. Beste batzuek «Oles aroa» poz aroa esan nahi duela uste dute. Ondo ezagutzen dudan (askotan abestu dudalako) Aita Madina musikagile ospetsuaren obra baten letrak honela dio: «Oles, oles ezkonberriak».
Hasieran, Olentzero enbor bat zen; neguko solstizioan sutan sartzen zen enborra. Bere errautsek gaixotasun batzuen kontrako gaitasuna zutela uste zen. Gero, panpina bihurtu zen. Eta azkenik hezur-haragizko pertsona. Eta denek neguko solstizioarekin eta Gabon Gaueko ospakizunekin lotzen dute.
Gipuzkoako ipar ekialdean eta Nafarroako ipar mendebalean gorde dira bereziki sinesteak, ohiturak eta kantuak. Eskualde horietatik aparte, ez zen gehiegi ezagutzen. Herri mailan ezezaguna zen. Kantuen letren arabera, ikazkin txiroa, tripaundia zen olentzero, jan-edana gogoko zuena. Bere kanten bertsoak garbi azaltzen dute: «Olentzero, buru handia entendimenduz jantzia, bart arratsean edan omen du hamar arroako zahagia. Ai! urde tripaundia, ai urde zorrandia».
Umeekiko harremanean ere, izaki beldurgarria zen bere begigorri odolduekin eta igitaia eskuetan tximinietatik etxera sartzen zena. Azken 50 urte hauetan, berriz, bere irudi estetikoa aldatuz joan da eta, batez ere, bere funtzioa, bere eginbeharra. Pertsonaia txiroa eta irrigarria izatetik gizaki aberats boteretsua bihurtu dute, eta opariak ekartzen ditu orain. Instituzioak ere burubelarri sartu dira aldaketa honetan. Errege Magoekin egiten diren karrozen desfileei Olentzerorenak gaineratu dizkiete.
Komunikabide eta herrietako ekintzetan, orain urte gutxi arte ia Euskal Herri osoan ezezaguna zena Gabonetako protagonista bihurtu dute. Gaztetxoek, eta besterik ezagutu ez dutenek, betiko tradizioa bezala hartuko dute, baina tradizio horrek urte gutxi dauzka.
Badirudi, euskaldunok ere geure Santa Klaus, San Nikolas edo Papa Noel propioa eduki nahi izan dugula. Ideologiak aparte, Olentzeroren mitologiaren tradiziozko ospakizunetan, sua eta egurra agertzen dira. Osagai biak oso garrantzitsuak izan ziren gizakien bizitzan, eta badirudi, data hauetan eguzkia indarberritzearekin lotura dutela. Ezaguna da eguzkia gurtzen zutela garai haietan. Kristau tradizioak ere Jesusen jaiotzarekin lotu du Olentzero. Honela dio kantak: «Aditu zuenian Jesus jaio zela, lasterka etorri omen zan berri ematera».
Azken urte hauetan, Mari Domingi emakumearen figura agertu da Olentzeroren ondoan. Tradizioa aldatzen doa, baina ez denen oniritziarekin. Pertsonaiaren mitologikoa aldatuta, zer egin behar da berari buruz ezagutzen ditugun bertsoekin? Zalantzarik gabe, pozik agertuko dena merkatu mundua izango da, Errege Magoen egunari Olentzero eta Mari Domingi gehitu zaielako.