Ondarroatik Alonsotegira 2.000.000 kilo kutsadura
Euskal Herrian zamarren eta hondakinen gaia bizi-bizi dago. Eta pozten gara, behingoz arazo potolo honen inguruan kontzientzia hartzen ari garelako.Ondarroan hondakinen %25 birziklatzen dugu bakarrik, eta herritarren gehiengoak ez daki nora joaten den biriziklatzen ez dugun zamarren %75a. Ez da desagertzen, eta gainera arazo ekologiko eta ekonomiko handi bat sortzen dute.
Ondarrutarrok urtero 2.000.000 kilo zabor bidaltzen ditugu Alonsotegiko errauskailura. Geure herrian nahi ez ditugun zamarrak Bizkaiko beste puntara bidaltzen ditugu, erretzera. Alonsotegikoek gure zamarren ke toxikoak arnastu behar dituzte eguna joan eta eguna etorri.
Alonsotegiko biztanleen gehiengoak ez zuen nahi errauskailurik bere herrian, eta 1999an erreferendum bat egin zuten. Erroldan zeuden herritarren %50ak baino gehiagok parte hartu zuen, eta botoen %97 kontrakoak izan ziren. Baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez zuen Alonsotegikoen berba entzun, eta errauskailua egin egin zuen.
Gustatuko litzaiguke Ondarroan errauskailu bat egitea eta Bizkaiko zamar guztiak gure herrian erretzea? Ez, ezta? Ba horixe da guk egiten duguna.Gure hondakinak eta zamarrak geure arazoa dira, eta geuk topatu behar diegu irtenbidea. Hondakinak banatzen baditugu, ez dira zamar bihurtuko eta berrerabili eta birziklatu egin ahalko ditugu, erre ordez. Horrek onura ekonomiko eta ekologikoak ekarriko dizkigu. Baina horretarako instituzioen eta herritarren konpromisoak behar dira: konposta egin, hondakinen bilketa pertsonalizatuak ezarri, sentsibilizazio kanpainak bultzatu…
Berrerabili eta birziklatzen badugu, denok irabaziko dugu!
Fernando Salegi (Ondarroako Eguzki)