Ondokoen baieztapenaren bila
Azkenaldian ohartu naiz, etengabean ingurukoen baieztapenaren bila bizi garela. Edozer egiterakoan dugu buruan ondokoaren iritzia zein izango den. Askotan, alboko horren iritziak, geure propioak duenak baino pisu handiagoa du guregan. Behin eta berriz horri bueltak emanda, zentzugabekeria itzela iruditzen zait. Gure bizitza era batera edo bestera markatuko duten erabakiak hartzeko nola liteke albokoaren iritzia geurea baino garrantzitsuagoa izatea?
Horren alde positiboak bila, eta ez dut bat bera ere aurkitu. Negatiboak ordea, mila. Zoriontasuna izugarri mugatzen diogu geure buruari baieztapen hori aurkitzen saiatzen. Lehenengo alde negatiboa. Askatasuna aldarrikatu ohi dugu sarri, baina lortuko al dugu noizbait guztiz aske izatea baieztapen konstante hori bilatzearen atzetik biziz? Bigarren alde negatibo bat aipatzekotan, konparaketak aipatuko nituzke. Ondokoekin alderatzen gara uneoro. Gaur egun hain eskura ditugun (eta hainbeste abantaila dituzten) sare sozialek ere ez dute laguntzen horretan. Izan ere, tiktoken, instagramen etab. klikatzen dugun ezer klikatu aurretik ere, seguraski ezagutu ere egiten ez dugun horrek pentsatuko duena datorkigu burura. Horrela, gure burua ezezagun horrekin nolabait alderatuz, eta nahi duguna albo batera utziz ondokoan ez duelako berdina egiten.
Adin kontu soila dela esango nuke, baina tamalez, ez da horrela guztiz. Egia da, urteak aurrera joan ahala konturatzen garela honetaz, eta kasu batzuetan hasten garela ondokoek esango dutena kontuan hartu gabe bizitzen. Baina hainbat kasutan adinak ez du hori konpontzen. Beste behin, kontrolatzeko hain zaila den bakoitzaren buruetan konpondu beharreko zerbait da hau ere. Batzuk laguntzarekin konpontzen dute, eta beste batzuek eurek bakarrik. Gakoa lortzean dago, zoriontasun aske eta sano horretan bizitzeko.