Oraingoan ETB samak mozten
Hau da hau marka. Errepikatu egin dute. Panem et circenses II.
Oraindik gogoan daukat 2017ko abuztu hura: ETBkoek antzarrak eman behar zituzten irailaren 5ean telebistaz, eta ez zuten herriko esataririk beren zuzeneko emankizunean jarduteko. ETBkoak, erreguka joan gintezen edo –bestela– ordezkoren bat bilatu geniezaien. Ahalegindu ginen, ahalegindu; baina alperrik. Azkenean, ETBkoek eurek aurkitu zuten Gorosti Txopitea. Eta, hala, azken bi urteotan, Gorosti aritu da Antzar Egunean herriko kontuak eta jaiaren gainekoak kontatzen. Gaur arte. Eskerrik asko.
Aurtengorako, aurretiaz lana hartuta eta lanak eginda, kontu bereziak prestatu ditu Gorostik; batzuk, gogoangarriak benetan. Baina ez du modurik izango telebistan kontatzeko; izan ere, aurten ez dugu entzungo Gorosti Antzar Egunean. Irailaren 4an jakinarazi dio —orain arte ez dute izan astirik, antza— ETBren mezulari batek Gorostiri aurten ez dela arituko azken bi urteotako zereginean, whatsapp mezu ziztrin baten bidez jakin ere. Auzo-lotsaren seinale.
inFORMAZIOAren aldarrizko paperez eta mezuz nazkatu gintuzten uda aurretxoan. Zer da inFORMAZIOA hilaren 5ean gure herrian? Lekeitiori buruzko aurtengo informazioa, eta Antzar Eguneko betiko kontu errepikatu eta aspergarrietatik aparteko zerbait. Ba ote dakite ETBn 2019an Lekeition pasatutako ezeri buruzko ezer? 1, 2, 3… jasoaldiak kontatzeko ez da kazetaritzarik ikasi behar, ezta etorri handirik izan behar ere “orain Apuraten batela dator” esateko. Baina kontua ez da zelebrekerietan ibiltzea. Ba ote dakite ETBn zergatik egin beharko genukeen minutu bateko isilaldia Antzar jaia hasi aurretik? Ba ote dakite nor izan zen gure Jesus Erkiaga? Eta, ba ote dakite isilaldi horren ostean zergatik jarri beharko genukeen kantuan portu osoa –jaiko parte-hartzaile zein ikusle guztiak–, algara bizian? Zergatik horiek denak?
Aurten, ETBko buruargiren bati otu zaio ez dutela Gorosti behar, eta beste norbaiti agindu dio, jai bezperan agindu ere, esateko hori Gorostiri. Eta, auzo-lotsaz, whatsappez esan dio hori Gorostiri.
Aurten, ETBko buruargiren batek pentsatu du, antza, Gorosti ez dela nahikoa jantzi eta nahikoa abil —ez dut besterik pentsatu nahi— Antzarretan ETBko mikrofonoetan aritzeko. Aurten, hormako beste adreilu koipetsu batek —berriro The Wall— erabaki du Gorosti ez dela nahikoa ilustratu, eta ez dira konturatu zer diren, berriz, haiek: koipelustre.
Datozela hurrengoan ere eskean eta erreguka, datozela.
Anteron txamarrotia…
Sabin Madariaga (Lekeitio).