Paisaia: ondasun natural eta kulturalen uztartzailea
Ingurumenaren ezagutza eta zaintza beharrizan sozialak bihurtu dira. Premiazko zereginak, kontutan hartzen baditugu dauzkagun mehatxuak, hala nola, arrisku naturalak, baliabide naturalen gutxipena edo biodibertsitate eta ingurumen galera, gizartearen ongizatea kaltetuz. Naturaren Konserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (jatorrian ingelesez International Union for Corservation of Nature edo IUCN), natura babesteko agendan, biodibertsitateaz gain, geodibertsitatea ere inkorporatu zuenetik (2008. urtean), ingurumenaren zaintza eta kudeaketa egokiagorako bidean goaz.
Geodibertsitatea lurralde bateko elementu geologikoen aniztasuna da; arrokak, mineralak, fosilak, lurzorua, erliebea eta egitura eta prozesu geologikoak biltzen ditu. Askotan, biodibertsitatearen euskarri fisikoa da; izan ere, lurzorua edo habitat desberdinak sortu eta mantentzeko ezaugarri fisikoak eskeintzen ditu. Beraz, naturaren azterketan biosfera eta litosfera bikote bereiztezinak dira. Geodibertsitatea, bestalde, iraganeko, gaur eguneko zein etorkizuneko bizidunen edo prozesu naturalen bilakaera ulertzeko ezinbestekoa da.
Baliabide biologiko zein geologikoak, bestalde, kultur-baliabide edo ondasunekin batera, gure ondarearen parte dira, interes zientifikoa, didaktikoa edo kulturala badute. Gaur egun, gizabanakoaren eta gizartearen ongizaterako funtsezko elementu integratzailea paisaia bihurtu da; izan ere, ondare mota biak bildu eta uztartu egiten ditu.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko paisaiaren ezagutza helarazten arduratzen diren hezkuntza eta kultur erakundeen elkarlana beharrezkoa da. Gure lurraldearen ezagutza geografikoa eta kulturala haur edota lehen hezkuntzatik finkatuta daude, eta azken urteotan kanpo espazioaren erabilerarekin batera, gure haurrak, ingurune naturala ere ukitzen, sentitzen eta ezagutzen doaz. Naturarekiko begirada, ordea, oraindik biodibertsitatera zuzendua dago. Hori saihesteko, badira eskolei edo gizabanako guztioi zuzenduta ekintza desberdinak eskeintzen dituzten Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarea (Urdaibaiko ekoetxea, esaterako) edo talde eragile partikularrak (Geobizi edo Ekobideak, esaterako). Azken hauek udalekuak zein eskolaz kanpoko eskeintzak ere badituzte.
Bestalde, udalerriek, politika kulturalaren barne, paisaiaren ezagutza bere osotasunean eskeintzea ezinbestekoa da. Kultura zerbitzu edo eskaintzen artean, ondasun kultural eta naturalen arteko elkarrekintza ere garrantzitsua da gure herriaren memoria eta identitatea ezagutzeko.