Patxi Saez Beloki: 'Hizkuntzakeriaren arrautza'
Hizkuntzakeriak jotako hizkuntzak hegaztien arteko kukuak bezala jokatzen du. Aurrena, auzoko txoriaren habian bere arrautza jartzen du, baita euskararen ikur bihurtuta daukaten txantxagorriaren habian ere, eta, ondoren, arrautza horretatik jaiotako kuku kumeak bezala jokatzen du: inguruan dituen arrautza guztiak habiatik bota eta akabatzen ditu, habian bera bakar-bakarrik geratzeko. Hain zuzen ere, hizkuntzakeriak euskararen habian horretarako jarri du elebitasunaren arrautza.
Gaztelaniaren hizkuntzakeriak elebitasun mota bat eta bakarra bultzatzen du: gaztelaniaren nagusitasuna mantentzea eta betikotzea helburu duen elebitasuna. Elebitasun mota horren arabera, menpeko hizkuntza gutxituak, gurean euskarak, identitatearen funtzioa betetzen du eta, hizkuntza nagusiak, menderatzaileak —gurean gaztelaniak—, komunikazioaren funtzioa. Elebitasun mota horrek bultzatzen duenaren arabera, hiztunek ez daukate hizkuntza gaitasun berbera bi hizkuntzetan. Gaitasun eta erraztasun handiagoa dute gizartean komunikazioaren funtzioa betetzen duen hizkuntza menderatzailean, gizartean erabateko nagusitasuna duen hizkuntzan. Eta gaitasun kaskarragoa, berriz, hizkuntza gutxituan, hizkuntza horretan komunikazioa oztopatu eta ezinezkoa bihurtzerainokoa. Beraz, gizartean ahulagoa den hizkuntzak, gurean euskarak, identitatearen funtzio sinbolikoa betetzen du —euskaldun izatearena— eta, gaztelaniak, aldiz, hizkuntza orok duen funtziorik garrantzitsuena, komunikazioarena.
Elebitasun hau menpekotasunezko elebitasuna dugu, hizkuntza nagusiak nagusi izaten jarraitzen duelako eta menpeko hizkuntza gutxituak bere ahulezia eta menpekotasuna betikotzen duelako. Menpekotasunezko elebitasun honen gakoa hizkuntza gaitasunean dago. Izan ere, hizkuntzen arteko menpekotasuna hizkuntza gaitasunean ardaztuta dago, hizkuntza gaitasunaren nagusitasunak hizkuntzaren gizarte nagusitasuna baitakar.
Beraz, euskararen etorkizuna berezko hiztunekin trinkotutako harreman-sareak etxez etxe, herriz herri eta hiriz hiri hedatzean datza. Euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino gaitasun eta erraztasun handiagoa duten euskaldunak dira euskararen berezko hiztunak; euskara dutenak beren kolkorako, beren kautarako, barne-mintzo eta gogoetarako tresna. Azken batean, berezko mintzoa, ardatz-hizkuntza, euskara dutenak euskaratik eta euskaraz bizi direnak. Gaur egun, euskararen berezko hiztunak, bereziki, Amezketa, Aulestia, Leitza eta Azpeitia bezalako arnasguneetan aurkitzen dira eta ugariak dira hamar urte arteko neska-mutikoen artean.
Orain hurrena, Zuzeu orainkari digitalean, «Elebakarra, bide bakarra» izeneko artikuluan, Bilboko gaztelaniaren zulokotean jaio, bizi eta eskolak euskaldundu duen Aitor Zurdo gazteak bere senetik eta esperientziatik aurkitutako bidea proposatu digu euskara gizartean nagusitzeko: «Gutxi gorabehera ingelesarekin dugun egoerara heltzea, baina erdararekin. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez».
Maddalen Lujanbio bertsolariak, berriz, horrela azaldu du bide hori: «Marrazteko konpasak orratz bat izaten du, eta orratz hori finkatutakoan zirkuluak marrazten dira beste besoarekin. Eta jakina, orratz hori zenbat eta finkoago sartuta egon, orduan eta lasaiago, errazago eta zabalago ireki ahal izango dugu zirkulua. Bada, hizkuntzarekin berdin. Guk orratza euskaran sendo finkatuta baldin badaukagu, orduan eta beldur gutxiago izango dugu beste hizkuntzetara zabaltzeko, ez dugulako gure oinarria galtzeko arriskurik izango. (…) Era berean, iruditzen zait gure eleaniztasunaren zortea sentitu eta aldarrikatu behar dugula. Askotan arazotzat bizi dugu eleaniztasuna, ondoko hizkuntzak nagusiagoak direnez, beldur garelako gurea zurrupatuko ote duten, baina lortzen badugu euskara ardatzean finko lotzea ez daukagu ezeren beldurrik izan beharrik. Gu ez gara erdia; gu doblea gara, eta ez dugu zertan lotsatu».