Polizia gehiago? Ez, eskerrik asko
Badator uda, ta berarekin herrietako jaiak. Laster hasiko dira manadak direla, ziztadak direla edo eta, beldurrezko edozein pelikula gainditzen duten istorioekin, emakumeonganako alarma mezuak zabaltzen. Zerutik datorren fenomeno gisa, halabeharrezkoa, sinistaraziko digute gure prekauzio neurriek baino baldintzatu ezin ditzaketen erasoak direla, Eta, noski, segurtasunarekin lotutako gai guztietan gertatzen den bezala, instituzioetatik polizia gehiago ezartzea izango da eraso hauek murrizteko berriro ere planteatuko diguten neurria. Baina, hori al da behar duguna indarkeria matxistari aurre egiteko? Non eta hemen, biztanleko polizia indizerik altuenetakoa daukagun herrian?
Maialen Mazon Euskal Herrian 2023an eraildako bigarren emakumea izan da. Segurtasun sailburuaren hitzak izan dira «ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea» babes estrategia katean izandako akatsak larriak eta publikoak izan direnean. Hau da, biktimaren erantzukizuna izan omen da beraiek beraien lana ez egitea. Garai berdinean izan dugu Arartekoak Ertzaintzari indarkeria kasuetan erakutsi beharreko enpatiaz emandako gomendioen eta hauek ez betetzearen berri ere. Zure kateak ez du funtzionatzen eta zure kateak emakumeak erasotzen ditu, Erkoreka jauna, kate hori goitik behera matxismoz ustelduta dagoelako. Erasotua izan den emakume bat zalantzan jartzen duen komisaldegiko agentetik hasi eta erailketa matxista baten ardura biktiman kokatzen duen sailbururaino.
Mugimendu feministak argi dauka emakumeon autodefentsak baino ezin gaitzakeela babestu koiuntura honetan. Urteak dira jada herri ezberdinetan erasoen aurkako protokoloak aktibatzen ari garela. Hala eta guztiz ere, zoritxarrez, gaur egun normalizatuta dago kide feministekiko eta hauen lanarekiko mespretxua polizia indar ezberdinen partetik. Esperientzia ezberdinak dauzkagu herriz herri, eta polizia gorpu ezberdinen partetik. Honen adibide gordina dugu iaz Algortako mugimendu feministako kide biri Ertzaintzak jarritako salaketa emakume erasotu bat artatzeagatik.
Gaur eta hemen, poliziak ez gaitu emakumeak babesten, eta elkar babesten ere ez digute uzten. Jaietan jai zioten berdinek esaten digute orain, jaietan kontuz. Jaietan, jai daukagu guk polizia honekin! Nik neuk jaiak bai, borroka ere bai aldarrikatzen jarraituko dut, jaien espazioa guztiontzako segurua izatea borrokatu beharra dagoelako, bai lehen eta bai orain.
Badatoz jaiak eta badator eztabaida. Emakumeon segurtasunerako polizia gehiago jarri behar ditugu? Nik, behintzat, argi daukat ezetz.