'Post'asuna
Denbora aurrera doan heinean, gizartea eta honetan bizi garenok ere aldatzen goaz: bizimodua, harremanak, izaera, balioak, pentsaera, komunikatzeko era eta abar. Izan ere, azken urteotan, milenialen garai honetan, aldaketa ikaragarriak eman dira –eta jarraitzen dute gertatzen–, batez ere Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) eskutik. Baina, nolakoak izaten ari dira moldaketa hauek? Eboluzionatu egin al dugu?
Hasteko, IKTek momentuko erantzuna eskaintzen digute. Hau da, informazio ezberdina eta askotarikoa azkar eskuratzea edota norbaitekin berehala kontaktatzea ahalbidetzen digute. Aukerak anitzak dira, eta alde horretatik, asko aberasten dute gure bizitza, hau erraztuz eta eraginkor zein esanguratsuagoa bilakatuz. Horregatik, eraldaketa nabarmenak eragin dituzte, positiboak kasu askotan. Beste batzuetan, ondorioak guztiz negatiboak dira.
Ildo honetatik, kontu garrantzitsu bat izan behar dugu kontuan: IKTen erabilera egoki zein desegokiak. Esan bezala, horren arabera, IKTak lagungarriak izango dira edo ez. Eta zer esan nahi du IKTak gaizki erabiltzeak? Hauek gure bizitzako beste tresna edo baliabide batzuk ordezkatzeko erabiltzea, betegarri edo osagarri moduan erabili beharrean.
Honi jarraiki, pertsona asko dira, adibidez, sare sozialetan beraien aterpea eta ezkutalekua aurkitu dutenak. Egunerokotasuneko poztasuna sare sozialetako publikazio edo post batek izan ditzakeen «like» delakoen menpe egotea, beraien gogo-aldartea horra mugatuz. Horretarako, argazki jakin batzuk igotzen dituzte sare sozialetara, aurretik milimetroki aztertu eta hausnartuak, ustezko eta egundoko bizimodu faltsua erakusteko. Kontziente al gara zein punturaino heldu garen? Pena merezi al du bizimolde honek?
Egoera honetan berebiziko errua izan dute beraien burua influencer-tzat duten pertsonaia famatuek –influentzia izango dute, baina, positiboa al da?–. Izatez, marketin hutsa besterik ez dira. Hauetariko askok, bizitza bikaina eta aparta saltzen dute Instagram delako aplikazioan, besteak beste. Zeharo faltsua. Honek, batez ere gazteek horiek imitatu nahi izatera eramaten du, beraien izaera eta pentsaera pertsona influencer horien arabera osatuz. Orain, pantaila baten atzetik azaltzera eta gure bizitza erakustera bideratuta gaude, pertsonan bizitzera egon beharrean. Honek gure egunerokotasuneko bizitza eta kontaktu presentziala bigarren plano batean jartzea eragin du. Dena da ameskeria hutsa.
Hau guztia esanda, momentu hauetan ematen ari diren aldaketak ez ditut eboluzioaren sinonimotzat ikusten. Guztiz antonimotzat baizik. Izaki sozialak garen aldetik, adjektibo honen balioa eta sinesgarritasuna galtzen ari da. Esan bezala, ditugun erreferenteak desegokiak dira. Horregatik, hortik hasi behar dugu. Txikitatik, eskolan zein familian, eredu eta erreferente anitzak eskaini umeei, desberdinak, hauek ikuspegi kritikoa garatu dezaten. Horrela, IKTak oso positiboak izan daitezke baina horien erabilera egokia bermatzean dago koxka. Hori lortzen ez badugu, nora eramango gaitu sare sozialen korronte traidore honek? Ezjakinen belaunaldia ez al da izango hau? Poztasuna ‘post’asun bihurtu dela dirudi. Alda dezagun korrontearen norabidea.