Pribilegioan
Tripak buelta emanda izan ditut azken egunotan. Norbere askatasun mugez idatzi nuen duela hilabete batzuk, eta batzuenak bortizki zanpatu dituzte azkenaldian. Basauri, Murchante, Galizia… eta beste asko eta asko. Emakume gisa behin eta berriz salatu izan ditudan eraso sexista eta erailketa matxisten aurrean ateratako amorrua eta haserrea nola kanalizatu jakin ezinda geratu naiz azken egunetako eraso homofoboen aurrean. Neure azalean inoiz bizi izan ez dudan jazarpenak, eta alde erantzira, nik neuk ere sustatzen dudan heteroarauak nola jazartzen, iraintzen, akabatzen duen ikusteak paralizatu nau.
Samueli eta Ekaini gertatutakoa ez litzaidake nire gertatuko: kaletik ibiltzeko; hitz egiteko; maitatzeko; musukatzeko; larrua jotzeko; bikotea izateko edo ez izateko; etxean, lagun artean, familian kontatzeko; edonora lasai bidaiatzeko… dudan pribilegioa inoiz baino ageriago eta nabarmenago geratu da. Agian horrexegatik, ezin ditut burutik kendu armairuaren bi aldeetan ditudan lagunak: nola gorpuzten ote duten nik nabaritu ere egin ez dudan beldurra; nola irakurri ote dituzten ahoz gora azken aldiko gorroto delituen albisteak; nola jarraitzen duten izaten eta maitatzen; nola artikulatu dituzten indarra eta amorrua. Eta nik, biktima kategoriatik at eta errepresorea den arauan kateatuta, neure burua ikusi dut besteen armairuak ireki nahian mundua haientzat niretzat bezain erraza delako ustean, pribilegioan.
Politikarien tribunetatik azken aldian jaurti dituzten gorroto diskurtsoek eragina dute ezbairik gabe ikusten ari garen eraso matxista, homofobo, transfobo, arrazista eta abarretan, baina eraikuntza eta estruktura oso batek sostengatzen ditu. Urteetan atzera egin, eta burura datozkit nola baztertu ditugun disidentziak: marikak, potolak, marimutilak, putak, maritxuak, bollerak… Gogoan dut zenbateraino izan naizen konplize ni neu biktima ez nintzen komentario, irain eta jokamoldeetan, eta zenbateraino isildu naizen ahotsa altxatzea tokatzen zitzaidan hainbatetan. Zein ardura ditudan, eta zein ondorio dituzten neure praktika eta bizimoduak praktika eta bizimodu disidenteetan.
Tripak lehertzear daramatzat egun batzuk, eta, azkenean, artikulu honetantxe egin dut oka; Donostian grabatutako gorroto bideoak, Basaurin emandako jipoiak eta Galiziako erailketak enbor bat eta bakarra dutelako, eta ez dago errotik erauztea besterik.