Publikoa edota pribatua
Gizakia etengabe eztabaidatzen ari da bere eguneroko gaietaz. Eztabaidak behar-beharrezkoak dira. Eztabaidatzeko gaitasun hori da, hain zuzen, gizakiok,beste animaliengandik bereizten gaituen ezaugarrietako bat. Ahalmen hori erabiltzen dugu batak besteari zuzenketak egiteko, besteen ideiak onartzeko edo ukatzeko. Ideiak argitzeko eztabaidatu egin behar dira, parlamentuetan, politikarien artean, eta baita herritarren artean ere. Denok ditugu geure iritziak, eta besteenekin eztabaidatuz onartu edo baztertuko dira. Inoiz ez gara itsutu behar bakoitzaren ideiak defendatzen. Besteei entzutea ere behar-beharrezkoa da.
Publiko-pribatu gaia komunikabideetan sarri agertzen da gatazka askoren inguruan. Badirudi asko direla dena publikoa izatearen aldekoak. Baina beste asko ez daude horren alde. Teorian, ideia batzuk hobetu ezinak izan daitezke, baina praktikan ez dute ondo funtzionatzen.
Hori gertatu da sistema kumunistetan. Errepublika sobietarra izan da kasu ezagunena eta garrantzitsuena. XX.mendearen hasieran ezarri zuten sistema komunista. Hau da, dena publikoa izatearen aldeko sistema. Baina urte askoren ondoren, baztertu egin behar izan zuten.
Gauza bera gertatu zen errepublika sobietarraren menpean zeuden Europako ekialdeko nazioekin. Teorian sistema egokia zela uste bazuten, praktikan porrot handia izan zen. Herritarren askatasun ezaren sentipena nabarmena zen. Beste aldetik, egoera ekonomikoa ere ez zen batere ona. Langile guztiak funtzionarioak edo Gobernuaren menpe egoteak ez dio laguntzen pertsonen sormenari. Enpresak sortzeko interesa galtzen da, eta gizarteak enpresaburuak behar ditu. Horrez gain, dena denena denean, ezer ez da inorena, eta interesa galtzean, gizarteak ezin du ondo funtzionatu.
Beste aldetik, dena pribatu izatea ere ez da ona. Argi dago arlo batzuek publikoak izan behar dutela. Badirudi bien arteko oreka bat lortzea dela bide egokiena. Dena den, gizakien esku dago zein bide hartu erabakitzea, betiere herritarren gehiengoaren nahia errespetatuz. Herritarren ideia desberdinen artean, egokienak edo zuzenenak direnak asmatzea eta onartzea da agintarien helburu nagusienetako bat; praktikan jartzea da eginkizun zailena.
Ohikoa da politikariek kasu askotan hauteskunde kanpainetan agindutakoa ez betetzea. Herri bakoitzak merezi dituen agintariak dituela esaten da. Hori horrela baldin bada, eta horrela dela dirudi, ezin diegu erru guztia beraiei bota. Izan ere, herritar garenok ere neurri handi batean gizartearen egoeraren erantzuleak gara.