Saihesbide berriaren inguruan
Ahaldun Nagusiak eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak orain dela aste batzuk esan zuten egunkari honetan, Markina-Xemeingo saihesbide berria beharrezkoa dela. Herritik pasatzen den trafikoaren arazoa konpondu beharra dagoela. Honetarako, azkenengo urteetan politikarien ahotik asko ateratzen diren hiru hitz majikoak erabili zituzten: Mugikortasuna, segurtasuna eta ingurumena. Galdetu nahiko nieke ea nola egin daitekeen hitz ingurumenaren izenean mendiak zulatzen dituzten bitartean. Ez naiz herrien garapenaren aurkakoa, baina garapena ulertzeko modu ezberdinak daudela uste dut. Herrien sostengua bilatzea eta ingurumena zaintzea da niretzat garapena. Beste askorentzat, ordea, garapena da dena produkziora eta enpresen (ez herrien) jasangarritasunera bideratzea. Azken hau ederto dakite egiten politikariek eta hauxe da Markinan ikusten ari garena, kapitalismo zoro baten eta bere ordezkarien ondorio zuzena.
Mugikortasuna hobetzen du benetan proiektu honek? Herritarrekin hainbeste arduratzen baldin badira, gustatuko litzaidake galdetzea ere, zergatik ez diren egiazko premia duten beste errepide batzuk konpontzen edo benetan saihesbide bat behar duten herrietara diru hori bideratzen. Erantzuna argi dago: ez dago enpresa potolorik.
Diru publikoko 25 milioi euro baino gehiago xahutuko dituzte kilometro bat baino gutxiago duen errepide bat egiteko. Hirugarren hitz magikoaz hitz egingo dugu: Segurtasuna. Zer segurtasun emango dio saihesbideak herriari? Auto gutxiago? Badira beste beharrizan asko, garrantzitsuagoak. Diru eta errekurtso horiek ganorazko osasun zentro bat eraikitzeko edo gutxienez eskualdean medikuak eta osasun zerbitzu onak izateko erabili ahalko litzateke, hori bai da segurtasuna. Markina-xemeindarren eta etxebarritarren ongizateak axola baldin badie –artikuluan dioten bezala–, askoz garrantzitsuagoak diren hainbat arazo konpondu beharko lirateke: enplegu falta, enpresak sortzeko espazio eza, etxebizitza arazoa, menpekotasun energetikoa… baina politikariak ez daude herritarren ongizaterako, boteretsu eta enpresarien agindura baizik, eta saihesbidearen kasua adibide garbi bat da.
Zergatik ordaintzen dira diru publikoz enpresa pribatuetara heltzeko egiten diren errepide berriak? Enpresari handi hauek gero gurekin banatuko dituzte beraien etekin edo irabaziak? Nire iritziz, enpresa handiek eragindako presioa da saihesbide berria egiteko arrazoia, beraien lantegietara heltzeko komunikabide hobeak nahi dituztelako.