San Antonek zaindu gaitzala!
San Anton (eneruaren 17a) besugos al monton!». Beti esaera horregaz akordaten nazenean, amaren berbak jatortaz burura: «Zure aitite berandu arte geratu behar izaten zan kofradian, ze gazteak ginela, neguan, txalopak apartera joaten ziran besigutara, Eskotera, eta gaueko orduak arte noiz lehorreratuko kezkeagaz zain egoten ginan». Hareek denborak pasau ziran, gaur egun ez da geratzen besigurik Kantauri itsasoan. Zer pentsau emoten dau doguna ez badogu zaintzen, agortu leikeenaren errealitateak. Naturaren eta gizakiaren arteko harmonia bilatu beharra derrigorrezkoa da, eta nire eretxirako arrantza sektoreak kuoten buruhausteari aurre egiteko behar dauzan laguntzak jasotea ezinbestekoa da aldaketei aurre egiteko, garai barrie moldatzea ez da erraza lanpostuak eta enpresak jokoan dagozanean.
Gasteizen nengoala, eta gaur egun hamen Baztanen be, San Anton egunez txarriaren zozketea egiten da, zaharren egoitzari laguntzeko. «Zelako txarria zara arimea apartauta!». Halan da be, txarriari dana jaten jako, belarrietatik oinetara, «zelako txarriboda!». Nire andreak esan izan deusta bere aitak beti hiru txerritxoen ipuina kontaten eutsela loak hartu baino lehen ohean bere ahizpa eta bera egoazala, ze beharrari bere balioa emoten umetatik erakutsi nahi eutsen nere aitaginarrebak: «Otsoak putzaraka-putzaraka etxea bota ezin ebala ikusita, tximeneatik sartzea okurritu jakonez, bere eskarmentua jaso eta ihes egin eban; beharrak beti bere probetxua dakar, ze kostata bada be, hirugarren txarriak ladriluzko etxea egin eban», txarriengandik be zer ikasi badogu, ez ala?
«Etorri zaitez hona, txarri zikin hori!». Zeinek ez dau entzun umetaz holakorik lagunekin pozutzan ibili eta gero, edo futbolean basatzan sekulako partidua lagunekin jolastu ondoren?. Baina graduak eta graduak dagoz. «Zu, ikusiko dozu zelan zopea zurrustadaka jaten dauan, eta gero ahoa beteta daukala, berbetan parau barik, sekulako korroskada botako dauan». «Txarri ostixea hori!». Ezelako edukazinorik barik, inor lotsatzeko situazinoian ipinten dabenak dira txarriak, halako edukazino falta daukiela. Tamalez oraintsu arte eskola ez da egon danon esku, eta erosoa ez bada be, zuzendu leikean kontua da.
Baina badago beste txarri klase bat, ez mahaiko zopaontzira hagin-protesia botaten dabena besteek arrainzoparik ez probauteko… ez, ezelako errukirik barik lagun hurkoa esplotaten dauana baino. Normalean hauek ez dira izaten edukazino txarrekoak, ez dabe zurrustadarik egiten fideozopea jatean, edo korroskadarik botaten bazkalostean. Hauek berea baino ez dabe buruan, eta ezelako dardararik barik, edozein behargin esprimitzeko kapaz dira, ze txarriak txarria jaten dauan lez, gizakiak be gizakia deboratzeko kapaz da. San Antonek zaindu gaitzala txarri hauengandik! «Txo, zugaitik ez dabe esango, geugatik baino, txarri zikin hori!».