SASIAK eta ZAURIAK
Jakinminagatik eta baita txikitatik Busturialdean ikusitako paisaiarekin alderatzeko beharrizanagatik ondorioztatu dudana da gure ingurukoak, eta Urdaibaikoak, noski, nire iritziz behintzat, ederrenetarikoak direla. Hori horrela izanik ere, azken boladan, zoritxarrez, nahiago izaten dut leihatilatik beste aldera ez begiratu, begi-bistan dagoenak mina eta kezka handia sortzen dit eta.
Gure mendiak, duela gutxi baso naturalak zirenak, sail lerrokatu, zuzen eta aspergarri bihurtu dira, eta txarrena da askotan biluzik, marroi eta antzuak agertzen direla landare zipitzik gabe.
Hau guztia, eta triskantzak bere neurrian ikusteko, 2335 errepidetik asko urrundu barik, jende gutxiago ibiltzen den beste errepideetatik abiatuta, nonahi ikus dezakegu busturitarrok batez ere Urdaibaiko txanponaren beste aldea. Baina bisitarientzat Urdaibaiko irudi zoragarria beti bezala mantendu dute, gaur egungo marketin kontuaren mesederako.
Ez dakit zer dela eta ematen diogun lurrari hain tratu txarra. Zer dela eta erasotzen dugun makina astunekin irauliz, zapalduz. Zer dela eta landatzen ditugun lurra pobretu eta antzu bihurtzen dituzten espezieak.
Lurra errespetatu eta zaindu ezean, zer espero dugu? Berak ziurtatzen digu ura behar bezala izatea, lur emankorra izatea, espezien aniztasuna… azken batean, oparotasuna.
Baina harrapari bezala jokatzen dugu gure ondorengoen bizi kalitate eta etorkizun onari muzin egiten. Oraina eta norberaren onura baino ez zaigunez ardura, pospoloak (eukaliptoak) landatzen jarraitzen dugu.
Ahaztuta ditugu, antza, 1989ko sute itzelak, eta zehazki, gure inguruan, Urdaibain izan zituzten ondorioak. San Migeleko artadia ere kiskali egin zen, baina handik gutxira zorionez, ernaberritu zen indarrez. Erre ziren pinudiak, aldiz, eukaliptoak sasiak eta otarrakin bete ziren . Baina Administrazioak, dirudienez, ez du guzti honetatik ondoriorik atera nahi.
Lurraren oreka mantentzeko oinarrizko baldintzari uko egin diote, hau da, zoruko deskonposatzaileek bertako espezieak behar dituzte lurraren zikloa behar bezala bete dadin eta horren ondorioz lurra emankorra izateko.
Argi dagoena da gure txikitako sasoian ezagutu genituen basoak zor dizkiegula gure ondorengoei, eta horretarako natura, basoak eta Urdaibai zaintzeko abian dauden ekimenetan herritarron parte-hartzea ezinbestekoa dela deritzot. Asko doakigu!!