Sentimendu ezkorrak
Bizitzak ez dizkigu baikorrak izateko arrazoi asko ematen: gaixotasunak, pobreziak, istripuak, amodio traizioak, etorkinen arazoa, biolentziak eta gudak. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta gehienetan bakardadean hausnartzen ditu. Eta hori dena gutxi balitz, une hauetan, koronabirus hau pairatzen ari gara.
Haurtzarotik hasi eta gaztarotik jarraitu ondoren, helduarora eta zahartzarora heldu artean, beti dago zertaz kexatu. Mundu guztian gertatzen denaz jabetzen gara. Morboa, dirudienez, gustokoa dugu, eta horretaz baliatzen dira komunikabideak. Munduko ezbehar guztiak ematen dizkigute egunero, berri garrantzitsuenak bailiran bezala. Berri onak ez dira albiste, edo ez digute hainbeste erakartzen. Berri ezkorrek nahitaez sentimendu ezkorrak sortzen dituzte.
Halere, egoera honen aurrean, gizartean batzuk besteak baino baikorragoak agertzen dira.
Munduko gaitzak badu bere alde ona. Gizakiok batu egiten gaitu. Bata besteengana hurbiltzen gaitu. Ezkor edo baikor izan, bada latinez esaera bat honela esaten duena: «In medio virtus». Hau da: bide erdia dela egokiena. Koronabirusaren aurrean bi jarrera kontrajarri ematen ari dira, nahiz eta bata gutxiengoa izan. Gehiengoa, arreta eta ardura handiz ibili beharraz jabetzen gara.
Beste berri bitxi eta ekonomikoki larri batzuk ere ez digute oso baikor izateko arrazoi asko ematen. Hedabideetan agertu den arabera, Navantia enpresak 2013an Espainiako armadarentzat urpeko ontzia eraikitzeko enkargua jaso omen zuen. Baina kalkuluetan akats txiki bat eginda, behar zena baino 70 tona astunagoa eraiki zuten, eta ondorioz, ez omen zen flotatzeko gai. Akats larri hau konpontzeko ontzia hamar metro luzatzea pentsatu zuten, baina orduan luzeegia geratu zitzaien Cartagenako portuan zegokion lekuan sartzeko. Ondorioa: 4.000 milioi euroren galera.
Beste istorio hau Frantziako trenentzako bi mila bagoiei lotuta dago. Hemen ere, neurrien gorabehera zela eta, akatsa 310 milioi gehiagorekin konpondu zen.
Hondamendi oso larriak, zeintzuk mila milioi dolarreko galerak sortu dituzten gizaki jakintsuek behin eta berriz egin dituzten akatsengatik. David Robson idazleak La trampa de la inteligencia: ¿Por que la gente inteligente hace tonterias y como evitarlo? liburuan aditzera ematen du zergatik pertsona argiek egiten dituzten akatsak, akats larriak. Bere eta liburuan aipatzen dituen beste batzuen ustez, akats horiek besteen iritziak ez dituztelako onartzen eta beraiengan gehiegizko konfiantza dutelako da. Adimen apalari garrantzi handia ematen dio. Izan ere, arlo guztietan benetako jakintsuak pertsona apalak izaten dira.
Beti esan ohi da lau begik bik baino gehiago ikusten dutela. Askotan, sentimendu ezkorrak, zuhurrago jokatzera eramaten gaitu.