Shitifikazioa euskarri digitaletan
Ikus-entzunezko edukien ekoizpena geroz eta handiagoa da urtez urte, eta eduki hauen formatuak askotarikoak dira: telesailak, film laburrak, ertainak zein luzeak. 2019a industria honen puntu gorena izan zen; izan ere, inoiz baino produkzio gehiago estreinatu ziren, bai zinema-areto tradizionaletan, bai euskarri fisikoetan eta baita plataforma digitaletan ere. Aurrerakuntza teknologikoek hainbat kontsumo-eredu ahalbidetu dituzte, eta, egun, harpidetza bidezko euskarri digitalak gailentzen dira gainontzeko ereduetatik. Baina ze faktorek eragin dute honetan? Eta nola aldatu da 2015az geroztik?
2015ean ikus-entzunezkoen kontsumo-eredua guztiz irauli zuen aldagaia iritsi zen Euskal Herrira: Netflix. Nahieran —etxean, lanean edo autobusean—, noiznahi —goizez, gauez zein arratsaldez—, eta zernahi —drama, komedia, akzioa nahiz thrillerra— ikus zenezakeen hilean hamabi euroren truke eta iragarki gogaikarririk gabe. Fantasia bat. Hamaika urteren ostean, ordea, zer gertatu da Netflix bezalako euskarri digitalekin? Anglo-saxoiek asmatutako kontzeptu baten arabera, shitifikatu egin da, hau da, kakaztu, txartu, eskastu.
Shitifikazioa ez da bakarrik produktu edo zerbitzuaren kalitateak behera egitea, kontzeptu hau hiru fasetan banatzen den joera da. Lehenengo eta behin, inbertitzaileek nahiz enpresaburuek etekin ekonomikoa atera dezaketen sektore bat identifikatzen dute —kasu honetan, ikus-entzunezkoen mundua—, eta produktu edo zerbitzu polit, merke eta erakargarri bat sortzen dute: Netflix; bigarrenik, kontsumitzaileak harrapatu eta fidelizatu egiten dituzte promozio eta propaganda bidez; eta, azkenik, behin kontsumitzaile kopuru bat bermatuta, produktu edo zerbitzua eskasten dute prezio berak mantenduz edo altuagoak jarriz. Modu honetan, enpresak inbertsio gutxiagorekin etekin handiagoa ateratzen du.
Plataforma digital gorriaren joerak hiru faseak betetzen ditu. Hasiera batean, 2015ean, premium planak hilabetean hamabi euro balio zituen, eta abantaila asko eskaintzen zituen, etxe bat baino gehiagotan dauden lau gailutatik sartzeko aukera, besteak beste. Egun ordea, plan berak hogei euro balio ditu, baina, kasu honetan, etxekoak ez direnekin ezin da kontua partekatu. «N» gorriaren plataformak zerbitzua eskastu badu ere, ez ditu harpidedunak galdu. 2015ean milioi bat harpidedun izan zituen estatuan eta 2023ko datuen arabera, zortzi urtetan 690,64 milioira igo da kopurua.
Konturatu ere egin gabe, shitifikazioaren biktima gara erabiltzaile guztiok. Zorionez, badira Max edo Filmin bezalako alternatiba ez hain shitifikatuak, baina denbora kontua izango da euskarri digital guztiak kakazteko. Eta guk, kontsumitzaile bezala, zerbitzu horretara ohituta egongo garenez, ordaintzen jarraituko dugu.