Soziokonstrukzionismoa, feminismoa, elkarrekin eratzen
Orain dela zenbait zutabe, Hitzatik martxoaren 8aren harira feminismoari lotutako idatzi bat egiteko gonbidapena jaso nuenean, aukera paregabea galdu nuen nire feminismoarekiko istorioa kontatzeko. Baina zutabe horretan bertan, M8a eta urteko gainerako egunen aldeko aldarria egiten nuenez, ez dut datorren urteko martxora arte itxaron behar kontatzeko dudana azaleratzeko. Izan ere, istorio honek feminismoa eta zutabe hauetan jorratu ohi dudan gaia (soziokonstrukzionismoa) lotzen ditu.
Nire ibilbide, garapen edo bilakaeran, feminismoa izan baitzen lehenengoz ezarritako gizarte egitura, arau eta ontzat ematen nuen sistema oso bat zalantzan jartzeko aukera eman zidan pentsamendu korrontea.
Feminismoak baimendu ninduen gizarte bezala eraikitzen ditugun egiturak beste era batetara eraiki genitzakeela pentsatu eta aldarrikatzera.
Niretzat aukera infinituen mundu berri bat ireki zuen feminismoak. Aukerak eta ardurak ere bai, guzti hau berez emanda ez datorrela ulertu nuelako eta denon artean josten nahiz eratzen goazela.
Handik gutxira ezagutu nituen posmodernitatea eta soziokonstrukzionismoaren proposamenak. Gizon-emakume binarismoari, sexu-genero-sexualitate sistemari, botere harremanei, jakintzak eraikitzeko erari… Buelta bat emateaz gain, beste guztiari ere, guzti-guztiari buelta bat gehiago eman diezaiokegula esaten dutenak, esaten nagoen hau ere, zalantzan jartzeko modukoa dela aitortzen dutenak.
Aldi berean, konstrukzionismoak batez ere, ezer berririk eraiki behar badugu elkarren beharra dugula aldarrikatzen du, harremanetan eraikitzen baititugu arauak, egiak eta sinesmenak.
Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarren artean zaintza sistema berri bat asmatzeko espazioaren proposamena luzatu digu. Datozen bi asteetan gai desberdinak jorratuko dira Elai-Alai aretoan ospatuko diren jardunaldietan.
Denon ekarpen zein indarren poderioz eta aniztasuna besarkatuz sistema heteropatriarkal eta kapitalista kutsakor hau hankaz gora jar dezakeen alternatiba bat eraikitzera goaz. Nire desioa da partekatzera goazena tentatibitatez zalantzan jartzea, gu ere egia zapaltzaileak ezartzearen arriskuan ez erortzeko. Bertan ikusiko garelakoan nago.