Ticketjai
Asteburu honetan piztuko da sua bazter askotan, eta sua piztearekin batera izango da musika, jolas, bazkari, omenaldi eta bestelakoak jasotzen dituen programa. Doniene bezperan ez bada, sanpedroetan, edo sanroketan, edo andremarietan… Jaiak badira, ez dira hutsetik atera, hainbat lagun hilabete batzuk lehenago batu dira, lehenengo deialdian sei, bigarrengoan hiru, eta azkenekoan bost. Erabaki dute nork eskatuko dituen edariak, zein musika talderi deitu, kartelak egiteaz nor arduratu, nork eskatu udalari lekua atontzeko, eta estutu dira txosnako txandak nola osatu ezinean dabiltzalako edo antolaketan nahiko luketen erreleboa ez datorrelako. Hori da inguruotako jai herrikoien antolaketa eredua, eta horrexegatik dira herrikoiak.
Datorren urtean, ordea, estualdi bat gehiago izango dute jai batzorde horiek. Bizkaiko Foru Aldundiak Ticketbai/Batuz sistema ezarri nahi die irabazi asmorik gabeko entitateei, txosnak ipintzen badituzte edo nolabaiteko salmenta egiten badute. Zer esan nahi du Batuz ezartzeak? Txosnan egiten den salmenta guztia erregistratu eta salmenta bakoitzeko tiketa atera beharko dela, dagokion QR kodearekin. Horretarako txosnan Interneta eta kobratzeko sistema beharko dira. Hori egiteaz gain, BEZ aitorpena egin eta urteko aitorpena ere egin beharko dute txosnen arduradunek. Ariketa bat proposatzen dizuet: imajinatu gure eskualdeko edozein herritako edo auzotako jaiak, imajinatu toldopean edo garaje zahar batean jarri den txosna, imajinatu lanean ari diren boluntarioek kobratzeko kalkulagailua ere justu-justu erabiltzen duten txosna… Eta orain imajinatu hor Internetera konektatutako kobratzeko kutxa modernoa, txartelarekin kobratzeko sistema, aholkulari fiskala… Niri behintzat kostatu egiten zait gure inguruotan horrelakorik imajinatzea.
Zerga iruzurraren kontra egiteko sistema ei da. Araban eta Gipuzkoan salbuespenak egin dituzte, areago, bestelako egoera edo proiektu batzuetan ere salbuespenak egin dira Bizkaian. Ez dela asko aldundiak zerga-salbuespenak onartu zituen UEFAko finalak Bilbon jokatzeko. Orduko hartan, «fiskalitatearen ikuspegitik Bizkaiko nazioartekotze-estrategiari ekarpena baino ez dio egiten», esan zuten. Bada, Bizkaiari, eta Bizkaiko herriei, jai herrikoiek herri kohesio, herri bizitza eta herriari oro har egiten dien ekarpenaren tamaina txanpionsen bestekoa bada gutxienez.
Aldaketarik ez bada, burokraziak itoko ditu herri txikietako jai batzordeak, jai orduan izango dugu benetan, hari batetik dingilizka dauden hainbat jai batzorderi errematea emango baitie, eta jai ereduan aldaketa ekarriko baitu.