Tximeleta identitatea
Azken hilabete hauetan, Gabon partean batez ere, iraganeko jende maitatua topatzeko aukera izaten dugu. Pertsona hauekin, pasatu diren 365 egunek utzi dutenari buruz hitz egin ohi dugu, urteari eta bertan gurutzatu ditugun egoera eta harremanei erreparatuz. Niri, honelako hizketaldiak lagun horrekin egin dudan bidea birpasatzera eramaten naute: zein testuingurutan ezagutu genuen elkar, zeinen estu bizi izan ditugun zenbait esperientzia, nola aldendu garen agian gero, elkarrekin jasan ditugun gorabeherak, eta abar.
Eta gogoeta hauek, batera egindako ibilbide horretan kide hori zelako modu desberdinetan ikusi dudan pentsarazten didate. Gure harremanaren hasiera batean zeinen irudi txarra nuen berataz eta nola gaur egun lagun onak bilakatu garen, adibidez.
Aldi berean, pertsona horrek, beste pertsona batzuengan sortzen dituen iritziak, nireen kontrajarriak izan daitezkeela ere konturatzen naiz: hau da, egun, nik estimuan izan dezaket, beste askok gorroto duten bitartean. Ez nabil soilik pertsona bat batzuentzat jatorra izan daitekeela esaten eta beste batzuentzat ez. Identitate sozialaz edo harremanaren araberako identitateaz ari naiz. Autore batzuk (beste hainbatetan ere aipatu dudan Gergenek, hain justu) tximeleta batekin irudikatzen duten berbera, gure identitatean edo «baitan» hainbeste identitate gordetzen ditugula azaltzeko: ditugun harreman kopurua bezainbat.
Izan ere, harreman bakoitzean, eta nik esango nuke, harreman bakoitzaren une bakoitzean, harreman horrek gugan identitate desberdinak ahalbidetzen ditu. Pentsatu, irakurle hori, zeintzuk harremanetan gustatzen zaren gehien; beste toki batzuetan entzun dudan bezala, nork ateratzen duen zugandik onena eta nork sortzen dituen zugan gogoko ez dituzun erantzunak. Hori, guzti hori, harremanaren araberako identitateari egotzi genezaioke.
Badaude ere harremanak edo testuinguruak identitatea aukeratzeko eskaintza murritza uzten dutenak: jarrera defentsiboarekin hurbiltzen zaizkizun harremanak izango lirateke niretzat adibide ona; jarrera berarekin erantzutea izan ohi da joera.
Honen aurrean, konstrukzionismoak esango luke, harreman batean garatu dezakezun identitatea ez dela bakarra; harreman bakoitzak hainbeste aukera ematen dizkizula eta interesgarria dela horri arreta jartzea, aukerarik eta generatiboena hautatzeko. Galdera, kasu horretan, hurrengoa litzateke: nola egin genezake, harreman konkretu batek identitatea garatzeko ematen dituen aukerak biderkatzeko?