Uda maitea
Uda heldu zaigu konturatu gabe, eta horrekin batera, askoren osasun mentalarentzat oporrak. Egunerokoa albo baten utzi, eta nolabait barneko lurrikarak baretzen diren garaia. Niretzat, behintzat.
Azken azterketak amaitu, pare bat astez saskibaloi kanpusean lan egin, eta ahal bezain pronto hartuko dut maleta. Bainujantziz eta kremaz bete, munduko nire leku gogokoenera joateko. Askotan, etxean egon gabe ere, etxean sentiarazten zaituen lekuak izan ohi ditugu. Lehen aipatutako lurrikara, urte guztiko estresak eta edozein karga mental lasaitzeko gai diren tokiak.
Mediterraneoaren berezitasunak txoratuta nauka. Nahiz eta Benidorm udan jendez beteta egon eta batzuetan han egotea ezinezkoa den, niretzat «flotagailu» lana egiten du. Uretan nahi dudan denbora guztia egon arren, ez nau itotzen uzten. Urte osoko neke eta burhausteetan sartuta nagoela, badakit horra heldu, eta zuzenean buruhauste horiek desagertu ala behintzat txikituko direla, eta uretan lasai flotatzeko aukera izango dudala. Han nagoela, burbuxa batean egotean antzera sentitzen naiz, arazo eta estresik gabe.
Uda ikaragarria den arren, batzuentzat guztiz pozgarria den uda, beste batzuentzat infernu hutsa da. Hondartzara joatea edo praka laburrak jartzea, batzuentzat etsai dira. Tontakeria hutsa dirudien arren, ez ditugu ezagutzen edozein begirada, komentario edo barrek jendearen- gan izan ditzakeen ondorioak. Bada gorputz eta itxura guztiak egokiak direla ulertzeko garaia, eta hori ulertzea zaila bada, behintzat zurea ez denari barrerik, komentariorik eta antzekorik ez egitea beharrezkoa dela ulertu beharko genuke. Utzi jendeari pakean bizitzen. Udak guztiontzat beharko luke lasaitasunaren eta bakearen sinonimo izan eta. Beraz, goatu udaz, eta utzi denbora batez kezkak etxean!