Uda on!
Azkenaldian, lanetik irteten naizen bakoitzean, nire arreta pizten duen zerbait ikusten dut garajeko atea zeharkatu bezain laster: maleta bat. Antzinako larruzko horietako bat dirudi, marroixka, nahiko txikia, gaur egun konpainiek kabinan eramatearren dirutza kobratzen dizuten horietakoa. Asteak daramatza hantxe, belardi baten gainean botata, behera begira. Jakin-mina pizten dit. Jakin nahiko nuke norena den edo nola iritsi den horra; beteta ala hutsik dagoen; nahita jarri duten hor, edo norbaitek gauak daramatzan lorik egin gabe aurkitu ezin duelako.
Seguruenik, zerikusi handia izango du Bilboko autobus geltokirik handiena metro gutxi batzuetara egoteak, baina berdin dio. Nik maleta horren atzean bestelako bizipen batzuk daudela imajinatu nahi dut.
Uda hasi berri da, eta laster gutako asko izango gara tankera horretako maletak oporretan joateko arropaz eta bestelakoz beteko ditugunak. Astebeteko oporraldia igarotzeko, hilabete arazorik gabe pasatzeko adina gauza eramaten ditugu askok (ni ere multzo horretan sartzen naiz), alfer-alferrik.
Gure familian ez dugu inoiz etxetik kanpo oporraldi luzeak egiteko ohiturarik izan. Hala ere, txikitako, eta batez ere, gaztetako udako oporrak maitasun bereziz gogoratzen ditut beti: ahizpa Alemaniatik etortzea; familiarekin etxean egindako bazkari handiak; hondartzatik itzuli, dutxatu, eta udako zinemaren aitzakiarekin, berriz ere lagunekin gauez gelditzea; jaietan bakarrik ateratzen hasi ginen lehen aldia, izozkiak jatea…eta jakitun izan gabe bizitako une zoriontsu guztiak.
Gaur egun, baina, badirudi, oporretan beste kontinente batera ez bazoaz, edo hegazkinez 9 orduko bidaia egiten ez baduzu, ez zarela inor. Munduaren beste aldean dauden tokirik exotikoenak bisitatu eta guztia sare sozialetara igotzen ez baduzu, antza, ez duzu benetako oporrik izan.
Izena ondo pronuntziatzen ez dakigun tokietara joaten gara. Argazkietan eder eta beltzaran ateratzeko premia sentitzen dugu, gero Instagramera igo eta gure jarraitzaileek ikus dezaten; oporretan aurkitu dugun zoriontasuna besteei erakusten ez badiegu, existituko ez balitz bezala.
Ni ez naiz inor besteei leziorik edo antzekorik emateko, baina uda honetarako neure buruari jarri diodan erronka zeuori ere jarri nahi dizuet: datozen aste edo hilabeteetan oporretara joateko maletarik bete behar baduzue, izan dadila bizitako oroitzapen gozoz eta une onez. Edonon gal daitezkeen maletek eta barruan dauden gauzek ez bezala, oroitzapen eta momentu goxo horiek bai irauten dute eta bizitza osorako. Uda on!