Ulergaitza
Bizitzan zehar egunero erabiltzen ditugun tresna askok ematen dizkigute harritzeko arrazoiak. Garai batean sinestezina izango zen gaur egun telebistaren bitartez munduko bazter guztietako irudiak zuzenean ikusi ahal izatea. Sinestezina mugikor txiki batek hainbeste informazio edukitzea. Eta horrela, mila erakusbide jar ditzakegu.
Alor teknologikoan aurrerapausoak ikaragarriak dira. Gai bakoitzeko adituek bakarrik ahal dute ulertu eta azaldu bakoitzaren zergatia. Herritar gehienok ez gara gauza arlo horietako azalpenak emateko, nahiz eta teknologia horietaz gozatu. Baina kontrasteak ere harritzekoak dira; urtero gripe batek, eta orain bizi dugun birusak hainbeste arazo sortzea eta gaixotasun mota askoren aurrean erremediorik ez lortzea. Horrenbesteko edo gehiagoko harridura eragiten du munduko desberdintasun ekonomikoak eta sozialak dira; mingarria eta onartezina da hori.
Alde batetik, lehenengo mundua deitzen dena daukagu, bizitza erosoa eta aurrerapen gehienez gozatzen duena. Gu, euskaldunok, horren parte gara. Hala ere, ez da beti horrela izan. Bizi garen belaunaldi bateko gizakiok egoera oso desberdinak ezagutu ditugu.
Etxebizitzetako baldintzetatik hasita, gaur egun ez diegu bildurrik ez neguari ez beste fenomeno atmosferikoei. Ez dira berdinak gaurko neguak eta lehenagokoak. Baina klima aldaketa baino, gure bizi baldintzak dira aldatu direnak. Adibidez, gaur egun elurraren presentzia jolas bezala hartzen da gure artean. Hotza ere telebistako berrien artean gelditzen da, ardura gehiegirik eman gabe, nahiz eta aurtengo negu hasieran egun batzuetan arazo larriak izan toki gutxi batzuetan. Urteak atzera neguak luzeak izaten ziren, eta sortzen ziren oztopoak gainditzeko ez zeuden gaur egun existitzen diren aurrerapenak. Gure bizi baldintzak asko aldatu dira eta, gaur egun negua eta elurra arazo ez diren bezala, beste arlo askotan ere berdin gertatzen da.
Baina munduko lurralde guztietan ez dira aurrerapauso horiek eman. Ulergai- tza baldin bada ere, gaur egun, milioika pertsonek ez dute oinarrizko gizarte zerbitzurik; gosez hiltzen ari dira. Desberdintasunak larriak dira, eta egoera horiei irtenbiderik ez bilatzea ez da ulertzeko samurra. Teknika arloan hainbeste aurreratu den bitartean, ezin da ulertu gizakion bizitzan oinarrizko diren baldintzak ez lortzea. Bitartean, lurralde horietatik ihesi datoz gurera eta beste toki batzuetara, bizitza hobe baten bila. Baina, kasu askotan ez dute lortzen, eta hirietako auzo pobreetara iristen dira pobretasunean jarraitzeko. Ulertezina da egoera honi irtenbiderik ez aurkitzea beste hainbat alorretan aurrerapenak lortzen diren bitartean.
Pobrezia ekonomikoaz gain, gure artean bada beste pobrezia mota bat: drogomenpekotasuna. Familia askotan, baita dirudunen artean ere, ez dira falta droga batzuen menpean erori eta eragin psikologiko larriak dituztenak, eta ondorioz, euren bizitzaren jabe ez direnak.
Gizakiok, arlo batzuetan, aurrerapen harrigarriak egiten ditugun bitartean, beste askotan aurrera ez, atzeraka egiten ari gara.