Umeei atzo erakutsi behar genien ChatGPT erabiltzen
Gaurkoa guraso, irakasle eta ingurukoentzat pentsatua da. Adimen Artifiziala iritsi zitzaigun baimenik eskatu barik eta mahaira jarri zen. Eta orain eztabaida darabilgu ea zein toki eman behar zaion… zein toki hartu duen pentsatzen lar nekatu barik.
Eskolan ez da erabili behar, unibertsitatean ere ez… Gure gaurko ikasleek nekez garatuko dituzte-eta, agi denez, testualizaziorako behar dituzten gaitasunak, AAk egiten baditu. Ikasleek pentsatu beharrean, AAk egiten ditu gauzak. Eta gero eta kultura maila apalagoa, jakintza urriagoa, gaitasun traketsagoak… ooookei.
Nabigatzailean DBH1eko ikasleak hiru fitxa ditu zabalik, batean ChatGPT, hurrengoan AI Detector eta hirugarrenean Itzultzaile Neuronala; horrekin agindutako lan elegante eta irakasleak espero dituenen antzekoak aurkez ditzake. ChatGPTri eskatzen dio lana, AI Detectorri eskatzen dio aztertzeko (ea irakaslea konturatuko litzatekeen AAk egin duela), AI Detectorrek badinotso AAk egindakoa dela, ChatGPTri esango dio inperfekzino batzuk txertatzeko, bestela, aurrera… eta horrela. Ikasle alferrak lehen ez zuen lanik egiten, orain ere ez. Ikasle abilak –nire ustez, deskribatu dudana ikasle abila da– egiten du behar agindutakoa zelan ekidin aurkitu nahirik. Ikasle abil askok bai, behinik behin.
Irakurle, ez dakit xehetasun nimiño horrekin geratu zaren: hirugarren fitxa Itzultzaile Neuronala da.
Arazoa ez da Adimen Artifiziala erabiltzeak adimen naturala garatzen ez uztea –gaur ere txakurrak oin ortozik–, arazoa da guk bideratu ez ditugun ume horiek erderara erabat bideratuta egotea. Zein dabil erdera aukeratuta? Euskaraz trakets dabilena, ahal duenean euskararen erabilera ekiditen duena? Ez. Euskaldun-euskalduna, erdera erabili behar denean ixilik geratzea erabakitzen duen horrek ere ChatGPTri erderaz eskatzen dizkio mateko lanak –eta euskaraz zuzenduko diren historia eta biologia–. Eta beste (ia) guztiek. ChatGPT erabiltzen duten guztiek.
Baina, berbazko txatekoa kenduta, ChatGPTk gure geletako irakasle askok eta askok baino hobeto egiten du euskaraz -«Hain ondo?» galdetu duzu? Hain erdipurdi, lagun. Eskerrak oraindik irakasle askok ere egiten duten hobeto, ChatGPTk gaur baino!
Erakutsi behar zaie galdetzen AAri, AAri galdetuaz –euskaraz galdetuaz–, kritikotasunaz erabiltzen, kritikotasunaz erabiliaz –euskaraz–.
Eta bai, ChatGPT erabiltzen atzo erakutsi behar zitzaien; gaur erakutsi DeepSeek erabiltzen, euskaraz hobeto egiten du. Edo Claude.